Entzutekoak

Emma Hamilton, bere garaiko klase-konbentzioei aurre egin eta arrakasta garesti ordaindu zuen emakumea

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 9a, 19:39

Aurreikuspen guztien kontra, errementari baten eta neskame baten alaba ezjakinak lortu zuen toki bat XVIII. mendeko Napoliko gortean eta elite britainiarrean. Sarritan Nelson almirante ingelesaren maitale huts gisa aurkeztua izan arren, Emma Hamiltonen bizitza oso interesgarria izan zen hamaika arrazoirengatik. Hau da Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba.

Lady Hamilton

1765eko apirilaren 26an Emma Lyon jaio zen Ingalaterran, familia xume batean. Bi hilabete zituenean hil zitzaion aita. Horren ondorioz, amak ezin izan zion ikasketarik eman.

Hamabi urterekin neskame  lan egiten zuen zirujau baten etxean. Han ezagutu zuen aktore izan nahi zuen beste neskame bat. Elkarrekin  antzerkirako paper tragikoak entseatzen zituzten. Eta, azkenik, lankideak antzerkirako zuen gogo biziak inspiraturik, Emma antzerkian hasi zen lanean, zenbait aktoreren laguntzaile gisa. Geroztik erraza izan zuen interpretazio lan batzuk ere egitea.

Baina hamabost urte zituela maitale bihurtuko zena ezagutu zuen. Oso harreman gorabeheratsua hasi zen orduan. Horrez gain, harreman horrek beste  pertsona interesgarri batzuk ezagutzeko aukera eman zion, Warwickeko kondearen semea, parlamentuko kidea zena, besteak beste.

Dirudienez, Emma ezagutu bezain laster maitemindurik geratu zen gizon hori. Baina Emmak bere maitalearekin jarraitzen zuen; beraz, kondearen semearekin ez zuen amodio harremanik izan nahi…, haurdun geratu zen arte.

Orduan dena aldatu zen. Emmaren bizitza hankaz gora geratu zen,  maitaleak ez baitzuen umeaz ezer jakin nahi izan.  Warwickeko kondearen semeak, berriz, laguntza eskaini zion. Berarekin biziko zen (garai hartan ezkongabeko ama izatea lotsagarria zen, eta nekez aurkituko zuen tokitxo bat garaiko gizartean), baina baldintza bat bete behar zuen: haurra adopzioan eman behar zuen.


Guztiz bere mende, Emmak baietz esan behar izan zion. Gero, apaltasunez janztera eta bizitza sozialari uko egitera behartu zuen. Ordainetan, Emmaren ama beraiekin bizitzera ekartzeko baimena eman zion, eta emakume fina izateko formakuntza eman zion. Handik denbora batera, gainera, bere lagun batzuei aurkezten hasi zen, eta garaiko gizarte-zirkulu ospetsuenetan sartu zuen.

Zirkulu horietako batean George Romney izeneko margolari bat ezagutu zuen, garai hartako artistarik  itzal handienetako bat, Britainia Handiko goi mailako gizarteko erretratuetan eta pinturetan espezializatu zena.


Handik Aurrera Romneyk behin baino gehiagotan erretratatu zuen. Beraz, Emma haren musa bihurtu zen, eta margolariari erretratu eta pintura asko inspiratu zizkion. Eta erretratu haiei esker, Enmaren aurpegia oso ezaguna egin zen, eta miresgarria, oso polita omen zen eta.

Baina koadroak aparte utzita, Romney Emmaren lagun min bihurtu zela aipatu behar dugu. Dirudienez, bera ere Emmarekin maitemindua zegoen, eta, horregatik, animatu zuen neska antzezten eta dantzan jarraitzera, eta Richard Brinsley Sheridanen antzerki konpainian lana aurkitzen lagundu zion. Horri esker, Emma Hamiltonek aurrera egin zuen bere ibilbide artistikoan.

Baina ezin dugu ahantzi orduan Emma oraindik kondearen semearekin bizi zela, amorante gisa edo  lagun gisa, batek daki. Afera da garai hartan Warwickeko kondearen semearen egoera finantzarioa ez zela oso ona. Hobetzeko, neska dirudun batekin ezkontzea erabaki zuen. Baina helburu hori lortzeko, soberan zeukan Emma.

Neska haren bizitzatik baztertzeko asmoz, bere osaba Sir William Hamiltonen laguntza eskatu zuen. Osaba hura Britainia Handiko enbaxadorea zen Napolin, eta adintsua zen. Denbora batez Napoliko bere etxean Emma har zezala eskatu zion, berak ezkontzeko trabarik ez izateko.

Sir William Hamiltonek onartu egin zuen, eta bera ere Emma ezagutu bezain laster maitemindu egin zen. Bien arteko adin-aldea handia zen, baina maitale bihurtzea erabaki zuen, eta, ondoren, emazte.


Horren eraginez, Lady Hamilton Napoliko gizartearen erregina bihurtu zen, eta haren edertasuna eta karisma legendazkoak izan ziren. Napoleon bera ere liluraturik geratu omen zen haren edertasunarekin, Tencalla arkitekto eta arte-bildumagile italiarraren etxean bere erretratua ikusi ondoren. Gizon honek arte bilduma handi bat zuen, garai hartako pertsona ospetsuen erretratuak barne, eta horien artean, Lady Hamiltonena zegoen, jakina.

Erretratu hori ikustean, Napoleonek Lady Hamilton ezagutu nahi izan zuen. Eta horrelaxe gertatu zen.

Esan dugu lehen, maitemindurik geratu zela harekin. Izan ere, dirudienez, Napoleonek Lady Hamiltoni idatzitako gutunak bere garaiko kartarik sutsuenetakoak omen dira, biak ezkondurik egon arren.


Napoleonek ez zekien gutun horiek erabiliko zituela Lady Hamiltonek 1798an, militarrak Egipto inbaditu zuenean. Lady Hamiltonek britainiar gobernuari Napoleonen asmoei buruzko informazioa eman zion. Informazio horren  bidez, besteak beste, Aboukir badian britainiarrek frantziar flota bat  garaitu zuten.

Britainiar garaipen haren ondoren, Lady Hamilton heroi bihurtu zen bere herrialdean, eta bere ospea izugarri handitu zen. Baina pasarte hartako gauzarik garrantzitsuena izan zen horrek Nelson almirantea ezagutzeko aukera eman ziola Emmari, bere bizitzan paper garrantzitsua jokatu zuen beste gizon bat, alegia.

Emma almirantearen idazkari eta itzultzaile bihurtu zen laster, kontaktu politikoak errazteaz gain. Eta askoz arinago haren amorantea bilakatu zen. Dirudienez, neskaren senarrak begi onez hartu zuen harreman hori. Azken finean, adinakoa zen, osasuna ez zeukan oso ona, erretiratzeko irrikan zegoen, eta ondo zekien emaztea haren ondoan izango zela beti, nahiz eta Nelsonekin ere egon.

  1. urtean Emma haurdun geratu zen, Nelson Britainia Handira deitu zuten, eta Sir Hamiltoni erretiroa iritsi zitzaion. Beraz, hirurek, Emmaren amarekin batera, elkarrekin bidaiatu zuten, eta Londresen finkatu ziren.

Urtebete geroago, Laranjen Gerra piztu zen. Hura 1801ean Espainia eta Portugalen artean gertatu zen gatazka militarra izan zen. Espainiak indar militar bat bidali zuen Portugalgo Olivenza hiriaz jabetzeko, bi herrialdeen arteko mugan kokatua. Portugalek, bestalde, erantzun zuen bere indar militarrak bidaliz hiria defendatzeko.

Testuinguru horretan, Britainia Handiak gatazkan parte hartzea erabaki zuen, eskualdean interes komertzial handiak baitzituen eta ez baitzuen nahi Espainiaren eragina hedatzea/hedatzerik. Beraz, ontzidi bat bidali zuen Portugali gerran laguntzeko.

Egoera horretan, Lady Hamiltonek bitartekari gisa jardun zuen britainiarren eta napolitarren artean, eta haiek ere parte hartu zuten portugaldarren aldeko gatazkan. Diotenez, Lady Hamiltonek bere eragina erabili zuen Napoliko gortean, Erresuma Batuko itsas indarrek Napoliko portuan laguntza logistikoa eta hornidura jasotzen zutela ziurtatzeko.


Sir William 1803an hil zen, eta Emmaren diru sarrerak murrizten hasi ziren. Baina hura ez zen izan kalamitate bakarra.

Urte berean, Nelsonek Mediterraneoko flotako buru  izendapena onartu zuen, eta itsasora itzuli zen, Emma haurdun utzita. Haurra jaio, eta aste gutxira hil zen. Eta hurrengo urtean Nelson hil zen.


Nelson hil ondoren, Emmak oso azkar agortu zuen senarrak utzitako pentsio txikia, eta zor asko  egin zituen/zorpetu egin zen. Nelsonek anaiari utzi zion bere ondarerik handiena. Beraz, Emmaren eta alabaren beharrak asetzeko aukera desagertu zen.

Horren ondorioz, Emmak urtebete eman zuen espetxe batean zorrengatik, Nelsoren alabatxoaren konpainian (lehendabizikoa, bigarrena hil zitzaion eta, lehen aipatu dugun bezala).

Handik atera ondoren, Frantziara joan zen,  diruz hobeki ibiliko zelakoan, baina berehala hartu zituen berriro zor handiak. Osasun-arazoak ere izaten hasi zen: urdaileko minak, goragaleak eta beherakoak, etab.


Erabat gaixorik eta dirurik gabe, 1815eko urtarrilaren 15ean hil zen, 50 urte besterik ez zuenean.

Gazterik hil zen, beraz, baina haren bizitza eta aurkeztu zitzaizkion aukera guztiak probestu zituela esan dezakegu.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!