Entzutekoak

Bakarne Atxukarro: "Erronkariko emakumeak izugarri kementsuak izan dira beti"

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 2a, 20:29

Erronkariko emakumeek badakite zer den haien herrietatik atera behar izatera Maule aldeko fabriketan lan egiteko, eta modu berean herriak gobernatzen gizonak kanpo zeudenean almadiekin edota artaldeekin. Kemena ere erakutsi zuten 785. urtean Olatseko batailan, Bakarne Atxukarrok Gizalabak saioan gogora ekarri duen bezala. (Argazkia Txuri Beltzean Elkartea)

Erronkariko gizalabak

Igandean Burgira joan ginen eta egun zoragarria pasatu genuen. Almadien Eguna ospatzen zen han. Oso giro polita zegoen. Jendetza zebilen, artisauak, musika, Cesar Oroz…

Almadien martxaren hasiera ikusi genuen, eta gero ibai ertzean ibili ginen, haien ibilaldia jarraituz.

Herriko errotaren ondoko presaraino heltzean, latsariak ikusi genituen arropa garbiketan. Ez genuen deus ulertzen. Horregatik, burgitar batzuek kontatu ziguten garaietan, goiko herrietako almadieroak etortzen zirenean, ibaiaren zati lasaietan mantsotu zutela martxa almadiek, eta justu leku horietan, korrente gogorrik ez zegoenez, latsariak zeudela arropa garbiketan; beraz leku horiek zirela herri ezberdinetako neska eta mutilak elkar ezagutzeko tokia. Bikote asko sortu zirela, baina harreman estua mantentzea ez zela batere erraza. Kontuan hartu behar dugu almadieroek egunak behar zituztela Sangotzaraino iristeko egurra saltzeko han, eta saltzea lortzen ez bazutela, Zaragozaraino joan behar zutela, baita Tortosaraino ere. Eta handik buelta oinez! Eta, bitartean neskak esperoan? Ez, ez zen batere erraza izaten, ez.

Beste emakume askok almadieroak ezagutzeko eta itxoiteko aukerarik ez zeukaten. Iraila aldera herritik ateratzen ziren, eta mugako beste aldean dagoen Maule herrirantz abiatzen ziren. Herri hango egonaldiak martxora arte irauten zuen, eta gero etxera bueltatzen ziren berriro. Beraz, haien bidaiak txorien migrazio tankerakoak ziren. Horregatik “ainarak” esaten zieten neska horiei.

Mauleko bizitza ez zen aspertzeko modukoa, ez horixe. Argi zeukaten dirua egin behar zutela etxera eramateko gero. Beraz, gizalaba askok alpargatak egiten zituzten fabriketan, eta beste askok etxeetan egiten zuten lan, neskame gisa.

Baina deskantsatzeko momentu batzuk ere bazeuzkaten. Momentu horiek inguruko mutilak ezagutzeko aitzaki politenak izaten ziren. Ez zen harritzeko, beraz, Maulen Erronkariko neska asko ezkontzea eta geratzea.

Ikusten ari garenez, Erronkariko bizitza (beste leku askotako bezalakoa) oso gogorra zen. Gizonak herrian ez ziren geratzen. Batzuk, almadieroak; beste batzuk artzaiak, transhumantzia egiten zuten horietakoak; beste batzuk mendira edo beste aldera joaten ziren egurgileak…

Horren ondorioz, emakumeak bakarrik geratzen ziren etxean, hazienda gobernatzen, haurrak hazitzen edo beste tokietan, herrian ez zegoen dirua biltzen.

Zaila eta gogorra, ezta? Ba pentsa ezazu nolakoa izan behar zuen hango bizitza gerra garaietan. Izan ere, ibarraren historian oso finkaturik daude bataila batzuk, baita hango armarrian ere!

Kondairak dioenez, 785. urtean Abderramán Kordobako errege handiak Pirinioak zeharkatu zituen bere armadarekin, eta Toulusseraino iritsi zen. Itzuleran, Erronkari Ibarrean zehar egitea erabaki zuen, aurkitzen zuen guztia odolez eta suz suntsitzen zuen bitartean.


Hori jakinda, Erronkariko gizonek haien emazte eta alabak hiltzea erabaki zuten, mairuek bortxatu, torturatu eta hiltzea nahi ez zutelako.


Emakume erronkariarrek, ordea, ezetz esan zuten, eta zeozer egitea erabaki zuten. Txirikordak moztu, gizonez jantzi eta gerrara joan ziren, haraneko indar militar defentsiboak bikoiztuz.


Iruñeko errege zen Fortun Garcia erronkariarrei laguntzera joan zen, eta Olast mendilerroaren (gaur egun Olave) magalean, Burgi eta egungo Leyre monasterioaren artean, borroka bati ekin zioten. Musulmanek ihesari ekin zioten Ezka ibaiaren ertzetik, eta nafarrek, berriz, Leyre mendilerrotik igaro eta bidea itxi zieten Esako zubian, Aragoi ibaiaren gainean. Han lortu zuten errege kuarteleraino iristea eta errege mairua preso egitea.


Nafarrek, beraz, borroka irabazi zuten, eta badirudi, gizonek emirrarekin zer egin behar zuten eztabaidatzen zuten bitartean, Sara izeneko emakume bat, labana eskutan helduta, aurreratu zela, eta mairuaren burua moztu zuela. Horregatik agertzen da buru hori Erronkariko armarrian.

 

Horrelakoak dira Erronkariko gizalabak, indartsuak, kementsuak eta ausartak.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!