Entzutekoak

Bakarne Atxukarro: "Bierzoko Egeria IV mendeko bidaiaria bat izan zen"

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 31a, 11:47

Hiru urteko bidaia luzea egin zuen Egeriak Lurralde Santuetara IV mendean eta horren kronika bildu zuen gero testu batean. 1884an testu hau aurkitu zuten kodize batean, beste hainbat egileren testuei josita. Hau da Bakarne Atxukarrok aste honetan aurkeztu digun Gizalaba. 

Egeria,  Bierzoko moja

Aste Santuko oporrak gertu daude, eta ziur batzuk bidaia bat antolatzen ari direla. Bada, gaurko gizalabatzat Egeria hartuko dugu, lehen emakume idazle eta erromesa. 3 urteko bidaia bati buruz eskuz idatzitako eskutitz batzuk utzi zituen. Eta gutun horiek ezfikziozko lehen bidaia liburua osatzen dute, gida baten itxura duena.

 

Egeria IV. mendean jaio zen, baina ez dakigu zehatz-mehatz non. Ziur asko, Hispania barruko Gallaecia erromatar probintziakoa izan zen. Gaur egun Galizia eta Leon probintziek Egeria hangoa zela   aldarrikatzen dute.  Batek daki! Kontuan izan behar da gaur egungo Galizia eta Leon Erromatar Inperioa amaitzen zen probintzia horren zati zirela, eta probintzia horretatik atera zela Egeria Lur Santua ezagutzeko. Hala ere, Akitaniak eta Italiak ere egilea  bertakotzat aldarrikatzen dute

 

Bere estatusari buruz ere ez dago adostasunik. Moja galiziarra edo Bierzoko moja esaten zaio, baina batez ere bere bidaia-liburuan etengabe agertzen diren erreferentzia erlijiosoengatik. Baina, egia esan, mende hartan mojak oraindik ez ziren existitzen.

 

Izan ere, errazagoa da noblea  zela pentsatzea, posizio ekonomiko erosoduna. Argi dago bere bidaian zerbitzariekin eta eskoltekin ibili behar izan zuela, inbasio barbaroek  astindutako Erromatar Inperio hartan arazorik gabe bidaiatzeko. Gainera, hiritar aberatsentzat bakarrik gordetako igarobide bat eraman behar izan zuen.

 

Argi dago, ordea, 381. eta 384. urteen artean bidaia bat egin zuela eta 5.000 kilometro baino gehiago egin zituela oinez, zaldiz, astoz, eta txalupaz.


“Itinerarium ad Loca Sancta”, hasiera eta amaiera falta zaizkion liburuan jaso zituen bizipenak, hausnarketak, etab. Zoritxarrez, liburu hori osatzen zituen testu asko galdu dira.

 

Kontakizunak xehetasunez deskribatzen ditu cursus publicus erromatarraren bidez bidaiatzeko modua, legioek joan-etorrietan erabiltzen zuten bide-sarea (80.000 km-ko sarea) eta paisaia babesgabeetatik igarotzean gainditu beharreko zailtasunak. Ostatu gisa  jauregiak  edo posta etxeak erabiltzen zituen, edo, beste batzuetan, aspaldian ekialdean ezarritako monasterioak, oraindik mendebaldean ezagutzen ez zirenak.

 

Itinerariumak bi zati ditu: lehenengoak bidaia kontatzen du, eta Egeria Sinai mendira igotzear zegoenean hasten da, Jerusalem, Belen, Galilea eta Hebron bisitatu ondoren. Hortik Horeb mendira joan zen, eta gero Jerusalemera itzuli zen, Gesen herrialdea zeharkatuz. Ondoren, Samariara eta Nebo mendirantz abiatu zen.

 

Abiatu zenetik hiru urte bete zirenean, Jerusalemera itzuli, eta Gallaeciara itzultzea erabaki zuen.


Bueltan, Tarso bisitatu zuen, Edesan gelditu zen, Siria eta Mesopotamia bisitatu zituen, eta berriro Tarso. Hortik Bitinia eta Konstantinoplara joan zen. Orduan, bidaian idatzitako egunerokoa eteten da, nahiz eta oraindik Efeso bisitatzeko gogoa zuela adierazi.

Bidaia osoan zehar, Biblian aipatzen zen leku bakoitzean, gizalaba eta laguntzaileak gelditu eta zegokion pasartea irakurtzen zuten.

 

Eguneroko bigarren zatiak Lur Santuan, eguneroko ofizioetan, igandeetan eta Pazko eta Aste Santuko jaietan nola egiten zen liturgia deskribatzen du.


Ezin dugu jakin non eta nola hil zen Egeria, ezta etxera itzultzeko  asmoa bete ote zuen ere.

 

1884ra arte, emakume horri buruzko aipamen bakarra  Bierzoko monjeei idatzitako gutun batean agertzen zen. Urte horretan, Italiako Arezzon herriko monastegi batean 37 orriko pergaminozko kodex bat aurkitu zen. Latin arruntez idatzita zegoen, lehen pertsonan. Bidaia-gida baten antzeko zerbait zen, lehen eta azken orrialdeak falta zitzaizkionez, ezinezkoa zen haren egilearen izenik jakitea.

 

Ia hogei urtez egilea Akitaniako Sylvie  zela uste izan zen. Hark idatzitako liburu batean Konstantinopla, Egipto eta Jerusalemen artean egindako  erromesaldi bat deskribatzen zuen.

1903an, ordea, “Revista de Cuestiones Históricas” aldizkarian azterlan bat argitaratu zen, eta bertan, lehen aipatu dugun  Bierzoko monjeei idatzitako gutun hartan oinarrituta Egeriaren izena berreskuratu zen.

 

Gutun hartan, Egeria aipatzen zen, eta haren bidaiaren laburpena egiten zen. Bidaia hori Arezzoren eskuizkribuak kontatutako bidaiarekin bat zetorren puntu askotan: data, abiapuntua, etapak, iraupena. Puntu batzuetan, gainera, gutunaren egileak Egeriaren estilo eta hiztegi bera erabiltzen zuen ibilbidearen deskribapenean.

 

Beraz, artikulu hori argitaratu zenetik, inork ez du zalantzan jartzen Egeria Arezzoko pergaminoaren egilea dela.


Carlos Pascualek Egeriaren testuak itzuli eta argitaratu zituen “Viaje de Egeria: El primer relato de una viajera hispana” liburuan.

 

70eko hamarkadan, bestalde, Luis Seoane artistak Egerian inspiratutako pitxer bat sortu zuen Sargadelos enpresarentzat.

 

Azkenik, Correosek zigilu bat eskaini zion 80ko hamarkadan.

 

Eta gaur hona ekarri dugu, guk baino lehen beste batzuek ere bidaiatu eta ibilera horietan bizi izandakoa kontatu zutela gogorarazteko.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!