Entzutekoak

Mary Montagu, Britainia Handian baztangaren inokulazioa sustatu zuen aristokrata

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 14a, 19:06

Idazle eta bidaiari britainiar hau ezaguna da XVIII mendean baztangaren inokulazioa sartu eta defendatu zuelako Europan, Turkian hala egiten zutela ikusita. Emakumeen hazkunde intelektuala eta soziala oztopatzen zuten garaiko jarrera sozialei aurre egin zien bere idazkiekin. Hau da Bakarne Atxukarrok aste honetan aurkeztu digun Gizalaba. 

Lady Mary Montagu

 

Pandemiak, konfinamenduak eta murrizketek hiru urte bete dituzte egunotan.  COVID-19a izan da denboraldi honetan aipatu dugun eta buruan genuen birus bakarra.


Baina historian zehar beste asko egon dira. Eta gaur egun ere badaude, noski.


Adibidez, OMEk baztanga desagerrarazia dekretatu zuen 1980an, XX. mendean soilik mundu osoan 300 milioi heriotza eragin zituen gaixotasuna, antzinatik ezaguna zena. Gaixotasun honek  jende  asko  hil zuen Antzinako Egipton. Han gaixotasun honen ondorioz hil ziren hiru faraoiren momiak kontserbatzen dira. Greziar eta erromatarren testuek ere Atenas klasikoan gaixotasunak eragindako heriotza izugarriak aipatzen dituzte.

 

Baztangak % 30 eta % 60 arteko heriotza-tasa zuen, eta ez zuen bereizten adinik ezta klase sozialik ere; izan ere, hainbat monarkek pairatu zuten.


Infekziotik bizirik ateratzen ziren pertsonek ondorio ugari izaten zituzten, orbainak izan ez ezik, beste ondorio larriago batzuk  ere bai, itsutasuna, esaterako.

 

Baina baztangatik bizirik ateratzeak abantaila bat zuen: behin sufritzen zenean, sendatutako pertsonak bizi osorako immunizatuta geratzen ziren. Eta horixe izan zen Txinan ikusi zutena.


Horregatik, XI. mendean, moja budista batek “Baztangaren tratamendua” izeneko idatzi batean baztanga-pustula lehorren hautsa pertsona osasuntsuen sudurretik sartzeko gomendioa ematen zuen, haiek kutsatzeko baina modu arinean, eta horrela inmunizatua geratzeko bizitza osorako.


Praktika  hori Japonian, Indian eta Persian zehar hedatu zen, eta Turkiaraino iritsi  zen. Gure gaurko gizalaba, Lady Mary Montagu, hain zuzen, Britainia Handiko enbaxadorearen emaztea, hara joan zen bizitzera, eta han ezagutu zuen aipatutako praktika hori.

 

Baina lehenik eta behin haren ezkontza kontatuko dizut nobela batetik aterata dagoela dirudielako. Urte askotan zehar, Mary Montaguk adiskidetasun estua izan zuen bere lagun Annerekin, Sandwuicheko kondearen bilobarekin. Baina, egia esan, Anne ez zen gutun horiek idazten zituena, bere anaia Edward baizik. Anne 1709an hil zen, eta, horren ondorioz, bikoteak ezarrita zeukan estalkia desagertu zen, baina horrek ez zien kalte handirik egin, horrez geroztik, hasi baitziren haien benetako izenekin idazten. Maryren aita enteratu zen, eta ez zuen oso gustuko izan harreman hura, beste senar bat nahi zuelako alabarentzat. Orduan, Edwardek eta Maryk alde egin zuten, eta familiarengandik urrun ezkondu ziren.

 

Esan beharra dago, mutila ez zela oso gaizki atera, Ingalaterrako Parlamentuko kide izendatu baitzuten, eta, handik oso gutxira, enbaxadore. Beraz, Maryren bizitza ez zen asko aldatu, haren familiaren goiko estatusa mantendu baitzuen.


Eta lehen esan dugun bezala, senarra enbaxadore izanda, Istanbulera joan zen bikotea (garai hartako Konstantinoplara). Ordurako Maryk frogatua zuen buruan zerbait sartzen zitzaionean azkeneraino borrokatzen zuela.


Han, Turkian,  alaba bat hazi zuen. Mary baztangatik bizirik atera izan ziren horietariko bat zen, baina anaia bat hiltzen ikusi behar izan zuen. Horregatik, haren haurrari dosi txiki batean inokulatu nahi izan zion birusa, herrialde otomandarrean praktika horren eraginkortasuna ikusita. Eta han, ohikoa zenez, inork ez zion eragozpenik jarri.

 

Baina, 1721ean Ingalaterrara itzuli zenean, eta bere medikuari 3 urteko alaba txikiari ere inokulatzeko eskatu zionean, mediku komunitateak haren kontra egin zion gogor.

Lady Montaguk, emakume gutxi bezain tematiak, metodoaren eraginkortasunaz konbentzituta, esperimentu bat proposatu zuen bere medikua eta komunitate osoa konbentzitzeko. Inokulatuko zen preso talde bat, eta, ondoren, birusak jotako gaixoen ondoan bera jarriko zuten ea praktika hura eraginkorra zen frogatzeko.


Esperimentuak arrakasta handia lortu zuen eta, hortik aurrera, bariolazioa Mendebaldean eta Europako erresumek kontrolatzen zituzten eskualde gehienetan hedatu zen. Eta dena hori gure Maryri esker.

 

Baina ez pentsa. Haren historia ez da hor bukatzen.

 

Gizalaba hau idazle gisa ere igaro da historiara. Batez ere, idatzitako gutunengatik. Hala ere, berak ez zituen argitaratu, eraso pertsonalak saihesteko.  Beraz, bere obra gehiena galdu da.

 

Garrantzi handiena izan zuten eskutitzak Pope idazle ingelesari zuzendutakoak izan ziren. Hainbat topaketa eta desadostasun izan zituzten, eta idazleak sarritan erabili zituen bere lanetan eta garaiko zirkulu intelektualetan gutun horietan idazten zutena, batzuetan Maryrekiko amodioa islatzeko, eta gehienetan gorrotoa eta mespretxua.


Remond izeneko frantses bati zuzendutakoak ere garrantzitsuak izan ziren, haren bizitzan eragin handia izan zutelako. Diru kopuru bat inbertitu zuen gizonarentzat burbuila finantzario batean, baina hura lehertu zen, eta erdia galdu zuen. Frantsesa, orduan, dirua berreskuratzen saiatu zen, eta senarrari gutunak erakutsiko zizkiola mehatxu egin zion Maryri, txantaje garbi-garbia, alegia. Mary  kezkatua zegoen, bai, baina senarrak bere diru-mugimenduen berri izango zuelako, ez bere “amodiozko” gutunengatik. Akordioa gora eta behera ibili ondoren, azkenean eskutiz-harremana hautsi zuten, eta inoiz ez zioten elkarri berriro idatzi.

 

Ez dakigu senarra enteratu zen edo ez emaztearen aferez, baina esan beharra dago azkenean Lady Maryk utzi zuela 1739. urtean (bai, XVIII. mendean) bere kabuz jarraitzeko eta nahi zuen bizitza bizitzeko. Hori bai, oso harreman ona mantendu zuten beti eta maiz, aditasunez, elkarri gutunak idatzi zizkioten .

Geroztik, Lady Mary bizilekuz aldatu zen askotan, eta horrek bidaiari handi baten fama eman dio.

 

Zoritxarrez, osasun arazoak izan zituen. Larruazaleko gaixotasun mingarri baten eraginez desitxuratua zegoen, eta haren oinazeak hain ziren zorrotzak, non erotzeko  beldur baitzen.


Mary alabak Ingalaterrara itzultzeko erregutu zion. Eta bai, Lady Mary Londresera itzuli zen, hil zen urte berean, 1762an. 73 urte zituen.


1901ean, bere gutunak “The Best Letters of Mary Montagu” izenburupean argitaratu ziren, eta gaur egun egile eta ikono feministatzat jotzen da, gutun horien edukiagatik eta batez ere eraman zuen bizimoduagatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!