Sarrigurengo Familieak Artatzeko Zentroko (FAZ) langileek salatu dute Eguesibarko Udalak ez duela betetzen Nafarroako esku-hartze sozialeko hitzarmena, eta hura aplikatzea eskatu dute.
Hori dela eta, FAZeko langileek gaurtik aurrera hiru greba egun eginen dituzte. Eguesibarko FAZ gizarte-zerbitzuen funtsezko zati bat da, eta udalerriko biztanle guztiei laguntzen die. Langileek atzo elkarretaratzea egin zuten udaletxearen aurrean, eta manifestu bat irakurri zuten haien egoera salatzeko. Horren ondotik, osoko bilkura aretora igo ziren eta kartelak jarri zituzten.
FAZeko langileak Andacelay enpresa publikoko langileak dira 2017tik. Hala ere, adierazi dutenez, haien lan-baldintzak oso urrun daude gainerako udal-langileenetatik.
Nafarroako Esku-hartze Sozialerako Hitzarmena 2021eko apirilean sartu zen indarrean, sektore horretako langileen baldintza prekarioak duintzeko.
Soldata-aldea hain da handia, ezen FAZeko hezitzaile batek urtean 19.200 eurora iristen ez den soldata gordina baitu, hitzarmenak ezartzen dituen ia 25.000 euroen aldean. Alde hori are handiagoa da beste lanpostu batzuetan, hala nola psikologoan, zerbitzuetako arduradunetan eta abarretan.
Nafarroan esku-hartze sozialean diharduten ia erakunde guztiek hitzarmen hau aplikatu dute. Eguesibarko FAZeko langileek urtebete baino gehiago daramaten Navarra Sumaren gobernu-taldeari eskatzen hitzarmena osorik aplikatzeko irtenbide bat bilatzeko.