Entzutekoak

Bakarne Atxukarro: "Mary Kenneth Keller teknologia berrien ametako bat da"

Euskalerria Irratia 2023ko mar. 7a, 19:21

Mary Kenneth Keller 1965eko ekainaren 7an EEBBetan doktoratu ziren lehen bi informatikarietako bat eta  BASIC programazio-lengoaiaren garatzailea izan zen. Hezkuntzan ordenagailuak erabiltzeko helburuarekin ASCUE elkartea  sortu zuen eta bere bizitza osoa informatikaren garapenean eman zuen. Hori da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Jende gutxik jakin arren, 1965eko ekainaren 7a oso egun garrantzitsua izan zen informatikaren historiarentzat, egun horretan eman baitziren Historiako Konputazio Zientzietako lehen bi doktore-tituluak. Lehena, Washingtongo Unibertsitatean, Irving C. Tang-eri, eta bigarrena, Wisconsineko Unibertsitatean, Sor Mary Kenneth Keller-eri (bai, moja bat zen-eta gaurko gizalaba).

Keller 19 urterekin sartu zen Birjina Maria Santuaren Karitateko Ahizpen kongregazioan, Ameriketako Estatu Batuetako Iowako herri batean. 8 urtez  mojagai izan ondoren, 1940an bere botoak egin, eta kongregazioko ikastetxeetan matematika irakasten hasi zen.

Hiru urte geroago, 1943an, Matematikan lizentziatu zen Chicagoko De Paul Unibertsitatean, eta, horri esker, bigarren hezkuntzako ikasleei eskolak ematen hasi zen. Matematika eta Fisika zientzietako masterra ere bertan egin zuen.

1958an, Mary Kennethek Dartmouth Unibertsitatean sartzeko eskatu zuen, 188 urteko historian inoiz emakumerik onartu ez zen arren. Lortu zuen, eta Informatika Zientzien laborategian sartu zen. Bertan, BASIC programazioaren garapenean parte hartu zuen. Gogoratzen? Diskete handiak fondo beltzeko pantailak eta letra berdeak…


Sistema eragile horren sorreran John George Kemeny eta Thomas Eugene Kurtzekin elkarlanean aritu zen. Hirurek ikusten zuten beharrezkoa zela informatikaren ingurua herritar guztiengana iritsaraztea, eta ez soilik gutxi batzuengana, ordura arte gertatzen zen bezala. Nahiko modu errazean programatzeko  modua eskura jarri nahi zieten herritarrei. Eta badirudi asmatu zutela, zeren eta begira nola gauden orain ordenagailuen mende.


Bere erlijio-ordenak 1964an Clarke Unibertsitatea sortu zuenean, AEBetan konputazio-zientzien titulua eskaini zuen lehen unibertsitate-zentro txikia  izan zen. Titulu horren  arduradun Sor Mary zegoen, Teknologia Saileko zuzendari gisa, 20 urtez zuzendari izango zena, 1985ean hil baino hilabete gutxi batzuk lehenago arte.


Eta hasieran esan dugun bezala, zuzendari izendatu eta hilabete gutxira, 52 urte zituela, doktoretza eman zioten, ordenagailuz sortutako patroiei buruzko tesiagatik, algoritmoen garapenean oinarritua.


Iturri batzuen arabera, Barbara Liskov izan zen konputazioan doktoratu zen lehen emakumea. Baina beste batzuen arabera, gure Mary. Dena den, egia zein den ez dakigunez, gure moja titulu hori jaso zuen lehen emakume estatubatuarra izan zela esango dugu.


Arraroa badirudi ere, bere tesian planteatutako algoritmoetan erabili zuen programazio-lengoaia ez zen Basic-ena, baizik eta FORTRAN-ena, gaur egun ere aplikazio matematiko eta zientifikoetan erabiltzen dena.

Bizitza osoa eman zuen Sor Kellerrek informatika arlo horretan. Adimen artifizialak izango zuen garrantzia aurreikusi zuen, eta irakaskuntzan aplikatzeko lehen defendatzaile sutsuenetako bat izan zen.

Konbentzimendu horren ondorioz, “ASCUE” elkartearen sortzaileetako bat izan zen 1967an. Elkarte horrek hezkuntzaren esparruan ordenagailuen erabilera sustatzen zuen.

Bestaldetik, publikoki babestu zuen emakumeen presentzia konputazio-zientzien esparruan. 
1985ean hil zen, 72 urte zituela.

Clark Unibertsitateak Keller Informatika eta Informazio Zerbitzuen Zentroa sortu zuen haren omenez, eta informatikan eta telekomunikazioetan laguntza ematen die ikasleei eta irakasleei.

Halaber, haren omenez, Mary Kenneth Keller Informatika Zientzien Ikastaroa  sortu zuten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!