Entzutekoak

Ruth Williams, Bostwanako lehen dama zuri eta tematia

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 28a, 19:43

Ruth Wiliams londrestarrak Seretse Khama, gerora Botswanako Errepublikako lehen presidentea izan zenarekin ezkontzea erabaki zuen, horren aurkako presioa izugarria izan arren. Arraza arteko ezkontzak eztabaida handia eragin zuen 1940ko hamarkadaren amaieran, Hegoafrikan apartheid-a ezartzearen erdian. Emakumea hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Ruth Williams Khama

Duela oso gutxi oso pelikula interesgarria ikusi nuen: “Komenentziazkoa ez zen ezkontza”. Bertan, Ruth Williamsen historia kontatzen zen. Hunkigarria benetan.

Londresen jaio zen 1923an, eta 1947an senarra izango zuena ezagutu zuen. Baina ez pentsa, senargaia ez zen edozein senargai, ez, Seretse Khama baizik, Botswanako lehendabiziko presidentea izango zena.

Baina hori esatea, spoiler bat besterik ez da. Eta mantso-mantso joango gara, hori gertatu zen arte hamaika bizipen izan baitzituen bikoteak.

Elkar ezagutu zutenean, mutila printze bat zen, eta haren herria etorkizuneko erregearen zain zegoen. Beraz, nahiz eta Londresen bizi, ikasketak burutu nahi zituen jaiotzetik zegokion eginbeharra betetzeko.

Baino amodioa tradizioa eta obligazioa baino handiagoa zen, eta bikotea ezkondu egin zen, guztia kontra eduki arren.

Arraza arteko bikote bat osatzen zuten, noski, eta kontuan hartu behar dugu garai hartan Afrikan gertatzen ari zena. 40ko hamarkada horretan Hego Afrikan apartheid sistema ezartzen ari zen; beraz, hango agintariei ez zitzaien batere komeni iparraldean zeukan herrialdean arraza arteko bikote bat izatea agintari gisa.

Bestalde, ezin dugu ahantzi, garai bateko Bechuanalandia, gaurko Botswana, Britainia Handiko gobernuaren menpean zegoela. Hegoafrika bezalako kolonia bat ez zen, baina bai protektoratu bat. Horren ondorioz, britaniarrek bazeukaten zer esana politikaren etorkizunean eragina izango zuen ezkontza hari buruz. Eta esan zuten, noski. Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, gobernu britaniarrak zor handiak zeuzkan, eta, horregatik, ezin zituen galdu Hegoafrikatik heltzen zitzaizkion uranio eta urre merkea. Gainera,  hegoafrikarrek ondoko herrialdean indarrez sartuko zirela  mehatxu egin zuten, gerra bat eragingo zuen mehatxua . Eta britaniarrek hori ez zuten nahi. Hori dena zela eta, gobernuak haren esku zegoen guztia egin zuen ezkontza hura gerta ez zedin.

Egun batean, adibidez, diplomatiko bat Ruth lanean zegoen bulegora joan zen, eta behin bakarrik egonda, esan zion hura ez zela ideia batere ona. Gogorarazi zion aita haserre zeukala, etxetik oso urrun biziko zela, hango bizimoduak ez zuela zerikusirik berearekin, etab. Hau da, den-dena itsusi-itsusia eta ilun-iluna jarri zion. Baina Ruthek baietz, eta aurrera joko zuela.

Eta, azkenik, Khamaren tribua zegoen. Erregina zuri bat edukitzea ez zuten begiko. Izan ere, Khamaren osabak, ordezko errege gisa aritzen zenak, ilobaren asmoa jakin zuen bezain pronto, ez ezkontzeko agindu zion. Eta etxera bueltatzeko ahalik eta  lasterren.

Eta horrelaxe egin zuen Khamak, Ruthekin batera. Tribu osoaren aurrean jarri zen bikotea, eta haien amodioak kalterik ez ziola egingo gobernuari hitzeman  zuten. Bertako zaharrenek (boteretsuenek, azken finean) hori entzunda eta emaztegaia ezagututa, onartu zuten, bai bikotea, bai Khama errege gisa. Ruthek berehala lortu zuen herriaren maitasuna.

Osabak herritik ospa egin zuen, gerra zibilik ez sortzeko. Bitartean, Khamak burutu zituen ikasketak, eta Ruth erregina bihurtu zen.

​Handik oso gutxira, Londreseko parlamentuak Ingalaterrara joateko eskatu zion Khamari. Susmo txarra sortu zitzaion segituan, eta emazteari esan zion. Ruthek erabaki zuen Botswanan geratzea. Senarrarekin joaten bazen, bahitu zitzaketelakoan zegoen. Eta arrazoia zeukan.

Khama Londresera iritsi zenean, agintariek esan zioten momentu horretan 3 urteko erbestealdia  hasten zela.

Beraz, Ruth bakarrik geratu zen Botswanan. Heldu berria zen, zuria, hizkuntzarik oraindik ez zekien, eta, gainera, haurdun zegoela enteratu zen.

Baina ez zen  kikildu. Egoerari aurre egin zion, eta, pixkanaka-pixkanaka, herriaren errespetua irabazi zuen. Emakumeekin egiten zuen lan, hitz batzuk hasi zen ikasten, eta gero beste batzuk, etab.

Laster izango ziren Britaniako hauteskundetara Winston Churchill aurkeztu zen, eta haren kanpainan barna, irabazten bazuen Khamari etxera bueltatzen utziko ziola esan zuen. Ordurako, Khama eta Ruthen egoera nazioarteko afera bihurtua zegoen.

Baina Churchillek bere hitza ez zuen bete. Askoz okerrago. Erbestealdia behin betikoa izango zela iragarri zuen.

Orduan bai, orduan Ruthek amore eman zuen, eta Londresera bueltatu zen senarraren ondoan bizitzera. Hiru seme-alaba gehiago izan zituzten garai hartan.

Bost urte igaro ostean, Khamak tronuari uko egin zion. Horren eraginez, familiak posible izan zuen Botswanara  bueltatzea. 1956. urtea zen.

Beste bost urte pasatu zituzten; Khamak, nekazaritzan, eta Ruthek, etxekoandre,  lau seme-alabak hazten.

Baina agintaria beti agintari, Khamak 1961ean Botswanako Alderdi Demokratikoa sortu zuen, eta lau urte geroago sortu berria zen Botswanako Errepublikako lehendabiziko presidente izendatu zuten. Herrialdeak independentzia lortu zuen handik urte batera.

Ruth lehen dama izendatu zuten. Jatorri zuriaren inguruko eztabaidak gorabehera, oso ezaguna eta maitatua izan zen Botswanan, eta eragin handiko eta politikoki  oso aktiboa zen lehen dama izan zen senarraren agintaldian. 1980ko uztailean, senarra hil ondoren, Nagusiaren Ama edo Ama Erregina ohorezko titulua jaso zuen.

Gero, bizitza osoa Botswanan eman zuen, kanpoaldeko etxalde handi batean, eta bere denbora familiari eta karitatezko kausei eskaini zien.

2002ko maiatzaren 22an hil zen, 78 urte zituela, hestegorriko minbiziak jota. Senarraren ondoan lurperatu zuten. Bere semeetako bi buruzagi garrantzitsuak dira Botswanako politikan.

Nelson Mandelak esan zuen afrikarrentzat inspirazio bat izan zela Ruth, baita familia hori sortzean erakutsi zuen kemen handia ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!