Joan den astean esan genuen bezala, larunbatean, otsailak 11, Emakume eta Neska zientzialarien eguna ospatuko da. Hori dela eta gaurko gizalaba zientzialari bat izango da, Merian Sibylla.
1647ko apirilaren 2an Frankfurten jaio zen, eta artista eta grabatzaile ezagun bat zuen aita. Berak marrazketa-teknikak irakatsi zizkion, eta haiei esker, loreak, fruituak eta txoriak margotzen hasi zen txikitan. Kontuan hartu behar dugu garai hartan hori ez zela batere ohikoa, intsektuak deabruaren sorkaritzat hartzen baitzituen Elizak.
13 urterekin, beldarrak bildu eta nola garatzen ziren hasi zen ikertzen jakinminez. Bere koadernoetan ikusten zituen xehetasunak apuntatzen zituen, eta, era horretan, neska gazteak animalia horien bizi-zikloaren etapa bakoitza erregistratu zuen pintzelekin, arrautzetatik hasi eta helduaroraino.
Ordura arte, jende gutxi arduratu zen intsektuak ikertzeaz, eta bere lanak balio izan zuen intsektuak lohitik sortzen ziren ustea gezurtatzeko, Aristotelesek deskribatu zuen bezala.
Bi hamarkadatako behaketaren ondoren, bere lehen liburua argitaratu zuen, “Beldarren eraldaketa zoragarria” izenekoa. Bertan intsektu batzuen bizi-zikloaren eta haien harremanak islatzen zituen, eta gaur egun horrelako lehen deskribapen osotzat hartua dago.
Fondo txuri baten gainean irudikatu beharrean, beste animalia eta landare batzuekin zituen harremanak erakutsi zituen espezimenak, bere garaiko zientzialari handien korrontearen kontra joanez. Horiek kategoria bereizietan sailkatzen zituzten. Beraz, gure Merian animaliak, landareak eta intsektuak elkarrekin erretratatzen zituzten lehendabizikoa izan zen.
Merian ere aitzindaria izan zen gizarte-loturetatik hausten. Izan ere, dibortziatu egin zen, alabekin Amsterdamgo komuna pietista batera joateko. Garai hartan emakume naturalista gehienak etxean geratzen ziren haien herriko landareak eta animaliak sailkatzen (edo atzerritik jasotzen zituztenak). Baina gure gizalabak behatu nahi zituen animalia guztiak, eta horregatik haiek zeuden tokira joan zen.
Horren ondorioz, 52 urterekin, Surinamera joan zen, Guyana Holandarrera, flora eta fauna exotikoen espezimenak bildu eta landatzera.
Bi urteren ondoren, Europara itzuli zen berriro, eta bere ikerketaren emaitzak bildu zituen. Ondoren, bere maisulan bihurtuko zen, “Surimaneko intsektuen metamorfosia” izeneko liburua argitaratu zuen 1705ean.
Lan horrek Kontinente Zaharreko landare eta animalia ezezagunak argira eraman zituen. Horren eraginez, Merian lehen entomologo enpirikotzat hartuta dago, intsektuak haien habitatean behatu eta deskribatzera bidaiatu zuena.
Hirurogei ilustraziotan, beldarren, zizareen, sitsen, tximeleten, kakalardoen, erleen eta eulien bizi-zikloa zehaztu zuen.
Bere balio zientifiko ukaezinaz gain, argitalpena oso goraipatua izan zen bere balio artistikoagatik.
Lan horren zehaztasunak Linneo, nomenklatura botaniko eta zoologiko modernoaren aita, harritu zuen. Eta Merianen behaketak erabili zituen gero haren “Sistema Naturala” izeneko lanean. Bertan 4.000 animalia espezie baino gehiago zerrendatu, deskribatu eta izendatu zituen.
Merian Sibyllak entomologiari egindako ekarpenik garrantzitsuena aurkikuntza berriak izan ziren. Bederatzi tximeleta eta bi kakalardo espezie, eta sei landare mota haren izenarekin bataiatu ziren.
Bere lana hain aberatsa, zaindua eta berritzailea izan zen, non denbora luzez funtsezko erreferentea izan baitzen azterketa-eremu horretan.
Hala eta guztiz ere 1717an hil ondoren, bere izena ahaztuta geratu zen. Eta XX. mendera arte ez zen berraurkitu.