Entzutekoak

Gizalaba: Anna Politkovskaia, Putini aurre egin zion kazetaria

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 17a, 17:58

Anna Politkovskaia Estatu Batuetan jaiotako kazetari errusiarra izan zen. Giza eskubideen aldeko ekintzaile nekaezina. Txetxeniako gatazkaren eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen politiken aurkako oposizioagatik hil egin zuten Moscun 2006an. Hau da Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba.

Egun hauetan han hemenka ibili naiz: Donostia, Donibane Lohitzune, Hondarribia, Irun, Maule, Asturias… Beraz hedabideetan zer agertzen zen jakiteko astirik ez dut izan.

Bueltatzean, berriz, lehen zegoen gauza bat aurkitu dut berriro ere: Errusia eta Ukraniaren arteko gerra. Eta, horren ondorioz, Anna Politkóvskayaren izena etorri zait burura. Hori dela eta, bera izango da gaurko gizalaba.

New Yorken jaio zen 1958an. Gurasoak sobietarrak zituen, baina Ukraniako aldekoak. Nazio Batuen Erakundean lan egiten zuten diplomatiko gisa Amerikako Estatu Batuetan, eta, horregatik, nazionalitate bikoitza zeukan, Estatu Batuetarra eta Sobietarra.

Kazetaritza ikasi zuen Moskuko Unibertsitatean. Karrera amaitu eta bi urte pasata, hango egunkari batean hasi zen lan egiten. Handik Novaya Gazetara joan zen kazetari, editore eta erredaktore nagusiaren laguntzaile aritzera. Agerkariak zeukan bertsio digitalean ere hasi zen artikulotxoak idazten.

Horretaz aparte liburu asko argitaratu zituen eta haiei esker sari asko eskuratu zituen.

Errusiatik kanpo, Politkovskaiak onarpen orokor bat jaso zuen Txetxenian egindako lanagatik. Han maiz bisitatu zituen ospitaleak eta errefuxiatu-esparruak elkarrizketatzeko. Jakin bazekien herritarrek, oro har, telebistaren edo prentsaren bidez jasotzen zituzten albisteak gertatzen zenaren bertsio bat zela, eta gutxitan egiazkoa. Hori dela eta kazetariaren helburua benetan gertatzen zena gizarteari hurbiltzea zen.

 

Horregatik Txetxeniako gerrari buruzko artikulu kritiko ugari idatzi zituen. Errusiako indar militarrek, txetxeniar errebeldeek eta Errusiak babestutako administrazio txetxeniarrak egindako gehiegikeriak deskribatu eta salatu zituen.

Txetxeniako eta Ipar Kaukasoko beste eskualde batzuetako giza eskubideen urraketak ere salatu zituen gaiari buruzko zenbait liburutan, besteak beste, “Gerra zikina: kazetari errusiar bat Txetxenian” eta “Infernuko txoko txiki bat: Txetxeniatik egindako kronikak”. Bertan, milaka herritar errugabe torturatuen, desagertuen edo agintari txetxeniar edo federalen hildakoen berri eman zituen.

Putin ez zuen batere begiko. “Putinen Errusia, bizitza huts egindako demokrazia batean” liburuan Errusiako sistema politikoa kritikatu zuen, Txetxeniako Bigarren Gerran izandako politika barne. Liburu horretan, Errusiako zerbitzu sekretuari ere leporatu zion askatasun zibil guztiak zapaltzea, sobietar erako diktadura ezartzeko.

Behin baino gehiagotan, preso zeuden bahituak askatzeko negoziazioetan parte hartu zuen. Adibidez, gogoan al duzu 2002an txetxeniar talde batek Moskuko antzoki bateko kideak bahitu zituela?Azkenik 119 pertsona hil ziren Putinen gobernuak antzokian sartu zuen gas batengatik. Hori gertatu baino lehen elkarrizketa batzuk gauzatu ziren eta horietan gure Annak parte hartu zuen.

2004an beste gatazka bat piztu zen Beslango (Ipar Osetia, Errusia) ikastetxe batean. 30 pertsona armatu inguruko talde islamista bat sartu zen hara eta mila lagun baino gehiago bahitutzat hartu zuen, gehienak haurrak. Ana deitu zuten orduan negoziazioak egiteko, baina ezin zen iritsi, Beslanera joateko hartu zuen hegazkinean hartutako te baten bitartez pozoitu egin zutelako. Larriki gaixotu zen, konortea galdu zuen eta ezin izan zuen gatazka bertan behera geratzeko beharrezkoak ziren elkarrizketetan parte hartzera. Azkenik Errusiako segurtasun-indarrek egindako operatiboa bahitzaileen eta segurtasun-indarren arteko tiroketa batekin amaitu zen, eta 300 hildako baino gehiago (ia 200 ume) eta 700 zauritu baino gehiago utzi zituen.

Argi eta garbi zegoen Errusiako agintariek gogor jokatzen zutela. Txorakeria gutxi. Ez da harritzekoa, beraz, maiz Annak heriotza-mehatxuak jaso izana.

Moskun ez zuten gonbidatzen Kremlineko ofizialek egiten zituzten prentsaurrekoetara, ezta bileretara ere. Kremlinek informazioa eskuratzea debekatu nahi izan zion. Kazetari deseroso bat bihurtu zen Anna.

2006an, “Errusiako Egunkari bat” izeneko liburua idatzi zuen. Bertan, Putinen bizitza eta ustelkeria kontatzen zituen, bere ohar koadernoaren eta beste idatzi batzuen laburpenetan oinarrituta. Baina ezin izan zuen argitaratu. Egun batean, bere etxeko aszensorean, argitaratu aurretik, bi aldiz egin zioten tiro buruan, eta hirugarren aldiz sorbaldan.

Lehen informazioen arabera, enkarguzko hilketa izan zen, baina inoiz ez zen jakin nork enkargatu zuen hilketa. Izan ere, hilketa Alexander Litvinenkok ikertu zuen, Londresen bere familiarekin bizi zen espioi ohi errusiarrak, eta handik gutxira pozoituta hil zena.

Liburua Annaren hilketatik urte batera kaleratu zen. Horren ostean, Unescoren Prentsa Askatasunaren Munduko Saria eman zioten Medellinen.

Eta orain, bitxikeria bat. 2022an Errusiak Ukraina inbaditu zueneko lehen egunetan, errusiar anonimo batzuek inbasioaren aurkako intsigniak jarri zituzten Annaren hilobian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!