1998ko azaroaren 27an Gloria Fuertes zendu zen, eta horregatik ekarri dut gaur saio honetara. Oso poeta ezaguna izan zen. Niktelebistan ikusten nuen, Un globo, dos globos, tres globos edo La cometa blanca programetan. Hari esker belaunaldi bateko haurrek poesia zer zen ezagutu genuen.
Baina bere lana ez zegoen bakarrik haurrei zuzenduta. Helduentzat ere asko idatzi zuen. Haren esanetan, pozik zegoenean, haurrentzat idazten zuen, eta triste zegoenean, berriz, helduentzat.
Haren bizitzan zehar, poema asko idatzi zituen, barnean zeukana atera behar zuelako. Haren arabera, ezin zuen saihestu poeta bat izatea. Eta haren hilobian “Poeta de guardia” dago idatzita. Haren helburua beti zen adin guztietako jendearengana heltzea, eta poesia eramatea.
Pantaila txikian ikusten genuen emakumea maitagarria zen oso, umila, goxoa… Baina horrelakoa al zen benetako Gloria? Haren bizitza errepasatuta, egoera txar asko gainditu behar izan zituela ikus dezakegu, eta izaera gogorra zeukala pentsatzea erraza da.
1917an jaio zen, eta, haurtzaroan, gurasoekin eta hiru anaia eta ahizpa batekin bizi zen Madrilen. Bost urte zituela ipuinak idazten eta marrazten hasi zen, eta, gero, etxeko eskaileratik, kalean zeuden haurrei irakurtzen zizkien.
Familiak baliabide gutxi zituenez, neskatila triste bat zela adierazten du haren poema batean “zapatak hautsiak zituena, eta panpinarik ez“. Etxean geratzen zen, logelan, bakar-bakarrik, eta bertan istorioak asmatzen zituen ispiluaren aurrean bere buruari kontatzen zizkionak gero. Pobreziaren aurkako tresnarik hoberena irudimena zela esaten zuen.
Irakurtzea ere oso gustuko zeukan, printzesen ipuinak salbu. Haren haurtzaroa gogora ekartzean askotan adierazi zuen gaixorik egoteko irrikan edo hanka hautsita izateko gogoa izan zuela maiz, inork ez esateko oso arraroa zela etxean irakurtzen geratzeagatik, kalean lagunekin jolasean aritu beharrean.
Eskola anitzetan ibili zen, eta hainbat alditan kaleratu zuten ikastetxe horietatik, irakasleei erantzuteagatik. Ikasle txarra izan zen.
14 urte zituelaeskola utzi zuen. Amarekin lanean hasi zen Lecturas aldizkariaren bulegoaren garbiketan, gauean. Gau batean zuzendariaren mahai gainean “Haurtzaroa, gaztaroa, zahartzaroa” poema utzi zuen, hurrengo astean argitaratu zutena. Poz handia hartu zuen neskak hori plazaratua ikustean, baina haserretu zen ordainetan deus ez eskuratzeagatik.
16 urte zituela, amak Emakumearen Lanbide Heziketako Institutuan matrikulatu zuen. Bertan, higiene eta puerikultura diplomak eskuratu zituen. Baina berak ez zuen ez umezain ez jostun izan nahi, eta Gramatika eta Literaturan matrikulatu zen. Bere familiak ezin zituen bere zaletasunak ulertu, hala nola kirolak eta poesia. Garai hartan ez zen batere ohikoa ikustea neska fin bat hockeyan, saskibaloian edo atletismoan aritzen, eta askoz gutxiago poesia idazten. Amak irakurtzen ikusten zuenean, jo egiten zuen. Baina Gloria kaskagogor hutsa zen, eta haren zaletasunari gogor eutsi zion.
17 urte zituela, ama hil zitzaion. Horren ondorioz, ikasketak utzi behar izan zituen, eta kontulari lanetan hasi zen,arma fabrika batean. Lana gorrotatzen zuen; horregatik, zenbakien artean, poemak idazten jarraitu zuen, eta 16 urte geroago kaleratuko zen “Isla Ignorada” liburuaren lehendabiziko bertsioa idatzi zuen. Radio Madriden lehen poesia errezitalak ere garai hartan eman zituen.
Gerra zibila lehertu zen. Horretan, haren bi lehendabiziko mutil-lagunak hil zitzaizkion, bata desagertua, eta bestea kartzelan zendua. Miseria gorrian bizi izan zen denboraldi horretan, eta haren esanetan, traje bat besterik ez zuen,koaderno bat eta arkatza bukatuko zen izugarrizko beldurra.
Gerra bukatu ondoren, debekatuak zeuden liburuak erosten hasi zen, eta gauero tabernatara joaten zen haiek irakurtzera, ardo txuri bat edaten zuen bitartean. Madrilgo kultur giroko ohiko pertsonaia bihurtu zen, nahiz eta oso bitxia izan emakume bat bakarrik ibiltzea gauean.
Garai hartan ere Maravillas Haurrentzako Aldizkariaren erredaktore gisa hasi zen lanean; bertan ipuinak, istoriotxoak eta haurrentzako poemak argitaratzen zituen astero.
Gainera, haurrentzako antzerki-lan batzuk eta Madrilgo hainbat antzokitan antzeztutako poemak estreinatu zituen.Chicas emakume aldizkariko kolaboratzailea bihurtu zen, eta umorezko ipuinak argitaratzen zituen.
Egun batean, Carlos Edmundo de Ory idazleak soneto bat bidali zuen Maravillas aldizkarira, eta Gloriak argitaratu egin zuen. Geroztik, lagun minak bihurtu ziren, eta gero bikotea. Gizonak “postista” mugimenduan sartu zuen Gloria. Postistek disparate edo zentzugabeko poemak idazten zituzten. Taldekideak liluraturik geratu ziren emakumearekin, haren energiagatik eta kalitateagatik.
Kalitate horren emaitza sari gisa etorri zitzaion30 urte zituela,Radio Nacional de Españaren abestietarako letren 1. saria eskuratu zuen eta. Irratiko ohiko kolaboratzailea bilakatu zen, eta haren izena gero eta ezagunagoa zen.
Haurrak bere lehentasunetako bat bihurtu ziren, eta haientzako hainbat poema-liburu argitaratu zituen. Horrekin batera, lehenengo Haur Liburutegi ibiltaria antolatu zuen herri txikietara eramateko asmoz, diru faltagatik edo oraindik zegoen analfabetismoagatik iristen ez ziren liburuak eramateko helburuz.
Emakumeen kulturarako sarbidea ere haren kezketako bat bihurtu zen, eta, horregatik, garai hartako beste emakume idazle batzuekin batera "Versos con faldas" talde femeninoa sortu zuen. Bi urtez aritu zen Madrilgo kafe eta tabernetan irakurketak eta errezitalak eskaintzen, eta garai hartan kategoria baxukotzat jotzen zen emakumeen lan poetikoarekiko errespetua aldarrikatzen.
Denboraldi horretan argitalpen asko egin zituen, sari anitz eskuratu zituen eta garaiko idazlerik famatuekin elkartzen zen maiz.
Profesionalki, oso denboraldi polita eta emankorra izan zen. Baina idaztea ez zen nahikoa bizitzeko. Hori zela eta, Nazioarteko Institutuan bibliotekonomia eta ingelesa ikasten hasi zen. Eta han irakaslearekin maitemindu zen. Harekin batera bizitza berria hasi zuen, eta haien lagun taldea gero eta handiagoa egin zen.
44 urte zituela Estatu Batuetara joan zen lan egitera: Unibertsitatean Espainiako Literatura irakasten hasi zen, eta haren esanetan, harrigarria zen, hura baitzen unibertsitatera joan zen lehendabiziko aldia, eta nola eta irakasle gisa.
leek asko maitatzen zuten. Segituan gustukoen zeukaten irakaslea bihurtu zen. Oso dibertigarria zen, festa guztietara joaten zen, eta chotisak eta pasodobleak kantatzen zizkien. Bi urte jarraian “Urteko irakaslerik hoberena” titulua eman zioten
Itzultzean, espainierazko eskolak eman zituen amerikarrentzat Nazioarteko Institutuan. Askatasun ekonomikoa lortu zuen, garaiko intelektualek inguratua zegoen, eta pozik bizi zen haren neskarekin. Baina, tamalez, 1971ren hasieran hura hil zen minbiziak jota. Horren eraginez, Gloria depresio handi batean erori zen. Gehiegi edaten hasi zen. Gauero ibiltzen zen tabernaz taberna . Haietan, bertakoei poema batzuk errezitatzen zizkien. Beste batzuetan irratira deitzen zuen errepidean zeuden kamioilariek poesia entzun zezaten.
1972an Haur Literaturarako March Beka eskuratu zuen. Hari esker literatura jarduera diru-iturritzat hartu ahal izan zuen. 55 urte zituen.
Orduan hasi zen, halaber, lehen aipatu ditugun haurrentzako programetan parte hartzen: Un globo, dos globos, tres globos eta La cometa blanca.
Handik oso gutxira,Haur Literaturako Hans Christian Andersen Nazioarteko Sariaren Ohorezko Diploma jaso zuen, haur literaturaren egile unibertsal handien artean kokatzen zuena.
Haurrentzat eta gurasoentzat erreferente bihurtu zen. Oso ezaguna izatea ez zeraman oso ondo, eta islatu nahi zuen irudia asmatu behar izan zuen, haren izaera umeentzat oso erakargarria ez zela uste zuelako.
Abeslari askok musika jarri zizkieten Gloriak idatzitako bertsoei: Enrique eta Anak, Rosario Floresek eta Paco Ibañezek, besteak beste.
Bitartean, ez zuen bere publiko heldua ahaztu eta La Codorniz umorezko aldizkarian eta Discóbolo-n parte hartu zuen.Laurogeiko hamarkadatik aurrera, Gloriak jarraitu zuen lanean buru-belarri: irakurketak, aurkezpenak, irratia, elkarrizketak, egunkariak, Ikastetxeetara bisitak, pregoiak, bidaiak, telebista, omenaldiak…Etengabe argitaratzen zuen, bai haurrentzako poesia, bai helduentzako poesia.
Garai hartan , amodiozko beste harreman bat hasi zuen. Baina zorterik ez zuen izan , eta 1985ean haren bikotekidea hegazkin istripu batean hil zen.
Bizitzaren azkeneko urteetan gutxiago atera zen etxetik. Asko idazten zuen, baina oso poema laburrak. Gehienak, paper muturretan.
1998ko azaroaren 27an hil zen, birikako minbiziak jota. 81 urte zituen.