Iruñerriko hiru birgaitze lan, Biziberri sariketako finalista

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 8a, 11:45

Argazkia: Nafarroako Gobernua.

Etxebizitzen eraberritzeari eskainitako saria eskuratzeko zazpi finalistak aurkeztu dituzte. 2015etik hirukoiztu egin ditu diru laguntzak Nafarroako Gobernuak.

Zortzi familiako eraikin batean, irisgarritasuna hobetzeko moldaketa egin du auzo-kooperatiba batek Berriozarren, eta igogailu berritzaile bat ezarri dute. Inguratze termikoa hobetzeko jarduketa egin dute, berriz, Iruñeko Azpilagaña auzoko eraikin batean; eta Bigarren Zabalgunean, oztopo arkitektonikoak kendu eta komunikazio-gune berri bat sortu dute Pascual Madoz kaleko eraikin baten patioaren barruan. Hiru proiektu horiek aukeratu ditu Nafarroako Gobernuko Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak sariketarako, "birgaitzeak sustatzeko adibide inspiratzaileak" direla iritzita, Mañuetan, Zangozan, Oibarren eta Tuteran egindako beste laurekin batera. 

Zazpi proiektu finalistak azaroaren 22an, Nafarroako Filmategian egingo den galan aurkeztuko dira. Bertan, banatuko dute III. Biziberri Saria.

Eraberritzea sustatzeko gobernuak antolatutako saria, gobernuak birgaitze babestuari ematen dizkion diru laguntzekin lotuta dago. 2015etik hirukoiztu egin du gobernuak diru ekarpena: 9 milioi eurotik, 28 milioi eurotik gora. Departamentua eraikinen energia-eraginkortasuna eta auzo kalteberak leheneratzea lehenesten ari da laguntzen bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!