AGEDENA patronalak hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea nahi dute. Baina mugimendurik ez da izan momentuz, eta instalazioaren jabe diren udalei erantzukizuna har dezaten eskatu diete. “Patronala ez da gurekin harremanetan jarri, %3ko igoera mantentzen du. Immobilismoaren aurrean, mezu argi bat igortzen diegu udalei: kirol instalazioak kudeatzen dituzten enpresen kontratatzaile diren aldetik, enpresei negoziazioa desblokeatzeko jarrera har dezatela eta presio egin dezatela eskatzen dugu”, azaldu du LAB sindikatuko Tamara Angulok.
Enpresa zenbaiten jokabidea deitoratu dute CCOO, ELA, LAB eta UGT sindikatuek, goizean, Sedena enpresaren aurrean egindako elkarretaratzean. Azaldu dutenez, Aranzadin, Artikan eta Lagunaken greba eskubidea urratzen ari dira, langilerik gabe instalazioak irekiz edota greban direnen lanpostuak ordezkatuz. Lan ikuskaritzan salaketak ezarri dituzte.
Erabiltzaileak grebarekin bat egin dezaten nahi dute. Hori dela eta, kuotak erreklamatzeko eskatu diete, modu horretara udalak eta enpresak mahaian esertzera bultzatzeko presioa egiten lagunduko dutelakoan.
Mendillorriko trinketea, Zizur Nagusia, Uharte, Burlata, Sarriguren, Aranzadi, Mutiloa, Berriobeiti, Olatz, Sanduzelai, Kubo, Lagunak eta NUP azpiegituretan izandako eragina nabarmendu dute langileek.