Entzutekoak

'We can do it' Cadizeko inauterietako konpartsa feminista

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 11a, 17:51

Bakarne Atxukarrok Gizalaben tartean Cadizeko Inauterietako konpartsa baten berri eman digu. Emakumeez osatutakoa eta emakumeek idatzitako abestiak kantatzen dituena. Aldarrikapena eta jaia bat eginik,  molde zaharrak apurtuz.

We can do it. Hori entzunda, 40ko hamarkadako Estatu Batuetako kartel hura etortzen zaigu burura, ezta? Gogoratzen al zara? Emakume bat agertzen zen buzo urdina jantzita, zapi gorri bat buruan eta indarra dugula erakusteko besoarekin egiten dugun keinu hori eginez.

Baina ez, horri buruz ez dugu gaur hitz egingo, nahiz eta harekin lotuta egon. Gaur inauterietara joango gara. Prest?

We can do it Cadizko “txirigota”konpartsa baten izena da, aurtengo taldeen lehiaketaren final handira heldu denarena, eta ostiral arratsaldean, 8etan, Hondarribian emanaldia egingo duenarena.

Taldea emakumeek osaturikoa da, eta kritika anitz jaso ditu; alde batetik,taldekide guztiak emakumeak baitira, eta, bestetik, oholtzara eramaten dituzten gaiak emakumezkoei buruzkoak izaten baitira. Eta, guztiok dakigun bezala, Cadizeko txirigotak eta hango inauteriak orohar, gizonezkoenak izaten dira; beraz, talde honek gogor egin behar izan du lan merezi duen atentzioa lortzeko.

Gaur egun erreferente bat da. Elkarteak nahi duen inauteria egiten du: aldarrikatzailea eta feminista. Horren buruMarta Ortiz letren egilea eta Beatriz Gonzalez zuzendaria daude, eta gogo handiz egiten dute lan.

Aspalditik elkarren lagun eta aktibista feministak dira, eta pandemian zehar emakume talde bat Cadizko txirigoten lehiaketara aurkezteko beharra zegoela ikusi zuten. Martak testu batzuk idatziak zituen. Kopla itxura eman zien, eta musika jarri zien, eta jarraian bere lagunari erakutsi zizkion. Haren gustukoak izan ziren, eta lanari ekin zioten.

Letrak populazioan, oro har, eta emakumeengan, zehazki, eragina duten gaiei buruzkoak dira: amatasunaren presioa, iruzurgilearen sindromea, prostituzioa, etab. Hori guztia, errealitatez eta umorez betetako letrekin.

Eta hau ez da batere ohikoa, oso emakume gutxik idazten baitituzte konpartsek abesten dituzten letrak . Aurten, adibidez, Cadizko inauterietako elkarteen lehiaketa ofizialean erregistratutako 27 taldeetatik, bi emakume egile baino ez dira izan. Eta emakumeek abesten dutena gizon batek idazten badu sumatzen da, nolabait esateko. Horregatik izan du hain arrakasta handia talde honek, emakumeen barrukoa emakume batek ateratzen du eta.

Taldeak egiten duena gizartearentzat delaziurtatzen dute taldekideek, eta politika arloan erabil ez dezaten eskatzen dute behin eta berriro. Asmo horri tinko eusten diote, eta inauterietan emakumeen papera islatzen saiatzen jarraitzen dute buru-belarri. Horregatik, musikaz gain, jantziak, makillajea eta emanaldiaren inguruko guztia emakumeek egindakoa da.

Horrez gain, ekainean argazki erakusketa bat antolatu zuten. Bertan, konpartsa sortzeko bidean emakume argazkilari batek ateratako irudi guztiak biltzen ziren. Helburu nagusia zen inauterietan normalean ezkutuan geratzen diren emakumeak argitara ekartzea: musikariak, abeslariak, kazetariak, makillatzaileak, ile-apaintzaileak, artisauak, jostunak, egileak... 

Hori guztia kontuan hartuta, agian Hondarribira joango gara ostiralean barre egitera eta gozatzera, ezta?

Konpartsaren emanaldia ikusi HEMEN 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!