Silveria Fañanas Garcia
Pasa den ostiralean, irailaren 30ean, Europako Ikertzaileen Gaua ospatu genuen. Urtero egiten da Europa osoan, iraileko laugarren ostiralean, eta helburu bikoitza du: ikerketak egiten dituzten
pertsonak jendearengana hurbiltzea, eta, bestaldetik, ikerketaren garrantzia hurbiletik helaraztea gizarteari.
Gau hartan zientzialari askoren izenak aipatu ziren. Horietako bat Santiago Ramon y Cajal Nobel sariduna. XIX. mendean jaioa, beti miretsi zuen Curie bezalako bikoteak egindako lana. Senaremazteak buru-belarri eta besoz beso aritzeak inbidia sortzen zion. Baina bera ezin zen kexatu. Izan ere, ez zuen egiten. “Ramon y Cajalen erdia emaztea da”, esaten zuen nonahi.
Baina nor zen bigarren zati hori?
Izena Silveria zeukan. Huescan jaio zen 1854an, eta txikitatik ezagutzen zuen Santiago. Baina beldurrez begiratzen zion beti. Mutikoak beti istiluetan sartuta edo harrika borroketan
aritzearen ospea zuen. Horrez gain, noizbait autoritatearekin arazoak izan zituen, eta, horren ondorioz, hiru egunez egon zen ziegan. Beraz, ez zen oso konpainia gomendagarria.
Baina urte batzuk geroago berriro elkartu zirenean, mutilaren egoera guztiz ezberdina zen: osasun ahula zeukan, biriketako gaitz larri baten eraginez. Doktoretza bukatua zuen, baina bost justu batekin. Horrek aitaren nahigabe sakona sortu zuen.
Gainera, bertan behera utzi zituen Zaragoza eta Granadako Anatomia katedretarako oposizioak.
Bere aitaren iritziaren kontra, bi aldiz uko egin zion aitak kudeatutako mediku plaza bat bere gain hartzeari, eta Zaragozako Medikuntza Fakultateko museo anatomikoko zuzendari
oposizioetara aurkeztea erabaki zuen, nahiz eta oso gaizki ordainduta egon. Eta iraultza horretan murgildurik Silveriarekin ezkonduko zela iragarri zuen. Santiagoren familia
ez zegoen batere konforme. Eta ezkontzan anaia bat besterik ez zuen ondoan.
Eta zergatik ez zuten Silveria onartu? Aitaren buruan ez gaude, baina inguruko jendearen iritzia kontuan izanda, oso sinpatikoa ez zen, mutur luzekoa eta idorra baizik. Ez zen emakume jantzia,
eta horren ondoan Santiagoren karrerak ezin izango zuela aurrera egin pentsatzen zuen askok.
Baina oker zebiltzan. Zazpi ume hazi zituen. Garai hartan edozein emakumeari zegokion bezala, etxea gobernatzen
zuen, seme-alaben hezkuntzaren ardura zeukan eta senarraren esanetara zegoen.
Baina, horrez gain, senar zientzialariaren laguntzailea eta aholkularia zen. Hari esker, familiaren ekonomia sendo mantendu zen, oso aurreztaile amorratua baitzen. Kronika batzuek kontatzen
dutenaren arabera, Espainiako zientzia komunitatean inork ez zuenean konfiantzarik Ramon Y Cajalengan eta ez ministerioak, ez unibertsitateak Alemaniako Kontseilu Anatomikora joateko
behar zuen dirua ez ziotenean eman, Silveriak senperrenak egin zituen beharrezko kopurua aurrezteko, eta horrelaxe lortu zuen. Nahiz eta zazpi ume elikatu behar!
Beraz, hari esker, geroago senarrari munduan zehar fama eta Nobel saria eman zizkion nerbiosistemaren funtzionamendua aurkeztu zen Berlinen. Silveria, gainera, senarraren etengabeko kolaboratzailea izan zen bere ikerketa-jardueran,
laborategian lan eginez eta artisau-teknikak erabiliz eta garatuz neurozientziari buruzko ikerketen oinarri izan ziren argazki-plakak sortzeko. Aitzindari bat izan zen arlo horretan. Zilar
nitratoa erabiltzen zuen argazki plakak egokitzeko eta horiekin senarrak hartutako burmuin laginak zehaztasun osoz islatzen zituen, ordura arte posible ez zena izan. Silveria 1930ean zendu zen, 76 urte zituela, senarra baino 4 urte lehenago. Gizona hil zorian zegonean haren ondoan lurperatzea eskatu zuen eta horrela egin zuten.