Entzutekoak

Rosalind Franklin, DNAren egituraren lehen irudiak hartu zituen zientzialaria

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 27a, 19:07

Gizalaba berri bat aurkeztu digu aste honetan Bakarne Atxukarrok. Kimikari eta fisikari honek aurrerapauso handiak eman zituen DNAren egituraren ikerkuntzan. Hala ere gizonezko beste bi zientzialarik lapurtu zizkioten ideia batzuk eta horiei esker Nobel saria eskuratu zuten. Horietako batek, gainera, idatzi zuen berari buruz: “oso polita izango zitekeen ondo janzteko interesik izan balu. Baina ez zeukan. Gainera inoiz ez zituen ezpainak margotuta eramaten, ile leun eta beltzarekiko kontrastea nabarmentzeko”.

1920.eko uztailaren 25ean Londresen jaio zen. Bost anai-arreben artean bigarrena izan zen, eta familia judua zeukan.
Oso eskola onetara joan zen 18 urte bete arte. Orduan, Cambridgera joatea erabaki zuen, kimika ikastera. Attak ez zuen erabaki hura onartu eta ez zuela ordainduko esan zion. Baina aitaren arreba batek Rosallind ilobari ikasteko aukera eman behar ziolakoan zegoen, eta ordainketa guztiak berak egingo zituela esan zion. Eta horrelaxe egin zuen, aitak amore eman arte.
1941ean, kimikan eta fisikan graduatu zen, eta, berehala, doktorego-tesia hasteko beka bat lortu zuen. Tamalez, Mundu Gerra bete-betean zegoen. Hori zela eta, beka bertan behera utzi zuen eta “Ikatza Erabiltzeko Elkartera” pasatu zen. Lan garrantzitsua egin zuen han, eta, horri esker, gerra amaitu ostean bere doktore-tesia defendatu zuen.
Horren ondorioz, Frantziako zientzialari batek Frantziara joatera gonbidatu zuen, bere doktoretza ondoko lana garatzera. Han, Pariseko Estatuko Zerbitzu Kimikoen Laborategi Nagusian X izpien difrakzio-teknika ikasi zuen, mundu mailan aditua izango zena eta, urte batzuk geroago, DNAren molekulari aplikatuko ziona.
Bost urte eman zituen Frantzian, Londresko King 's Collegen DNAren egitura aztertzeko eskatu zioten arte. Pozik onartu zuen lanpostua, baina laster ikusi zuen hango giroa ez zela izango Frantzian aurkitu zuen bezalakoa. Han, emakumeak irakasle-gelan sartzerik ez zuten, eta nahiz eta emakumeak errespetuz tratatu, sekula ez zuetn gizonezkoen estatusa lortuko.
Hala eta guztiz ere, King 's Collegen egindako egonaldian, Rosalind Franklinek DNA irudiak lortzeko tresna hobetu zuen, metodoa aldatu zuen eta aurretik inork lortu ez zuen gardentasunezko argazkiak lortu zituen. Bere ikerketei buruzko eman zuen mintzaldi batera Cavendish laborategian lan egiten zuten Watson eta Crick zientzilariak joan ziren. Haiek, Rosalind bezala, DNAren egitura ikasten ari ziren.
Oso interesgarritzat hartu zuten Rosalinden lana, eta berarekin lan egiten zuen beste zientzilari bati esker, Franklinek egindako argazki batzuk ikusteko aukera izan zuten… berak deus jakin gabe. Irudi hauek eta mintzaldian entzundako datu batzuk oinarritzat harturik, Watson eta Crickek Nature aldizkarian artikulu bat kaleratu zuten DNAren egituraren proposamenarekin. Bertan, Rosalind Franklin aipatzen zuten beste zientzilari askoren artean, baina ez zuten zehaztu nondik atera zituzten irudiak eta datuak.
Dirudienez, ordurako Rosalind Franklinek ondorio berberetara ailegatua zen, baina ezin izan zuen kaleratu. Izan ere, 16 hilabete lehenago idatzi egin zuen aztertutako emaitzek egitura helikoidala iradokitzen zutela.
Rosalind Nekatua eta nazkatua zegoen King’s Collegeko giroarekin. Horregatik, Birbeck Collegera joatea erabaki zuen. Bertan egin zuen lan hil arte.
Zentro horretan, bere ikerketa-karrerak aurrera jarraitu zuen, eta birusei buruzko lan
garrantzitsuak egin zituen; zehazki, tabakoaren mosaikoa eta polioa, oraindik ere adituek aipatzen dituztenak.
1956an obulutegiko minbizia diagnostikatu zioten, X izpiekin egindako ikerketetan
erradiazioekiko gehiegizko esposizioak eragindakoa, agian.
Beste bi urtez egin zuen lan, eta hiru ebakuntza kirurgiko eta kimioterapiaren ondoren, Londresen hil zen 1958ko apirilaren 16an, 37 urte zituela.
Lau urte geroago, Watsonek eta Crickek Nobel saria jaso zuten, DNAren egiturari buruzko ikerketengatik. Ez batak ez besteak Rosalind Franklin ez zuten aipatu onarpen hitzaldietan,
haien ikerketak Rosalinden azterketan oinarritua zeudela jakin arren.
Ez da harritzekoa. Inoiz ez ziren berarekin ondo moldatu, haien esanetan, Rosalind oso zuzena eta gogorra abitzen. Inoiz ez zuten ikusi zientziako kolega bat bezalakoa. Eta emakumea izateagatik mespretxatzen zuten.
Watsonek, adibidez, idatzi zuen “Helize bikoitza” liburuan Rosalindi buruz esan zuen “oso polita izango zitekeela ondo janzteko interesik izan balu. Baina ez zeukala. Gainera inoiz ez zituela ezpainak margotuta eramaten, ile leun eta beltzarekiko kontrastea nabarmentzeko”.
Beraz, Franklinek zientzilari gisa zuen balioa inoiz ez zuten onartu, ezta haien Nobel sariaren zati potolo bat berea zela ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!