Sutearen kudeaketa egokia izan dela esan du gaur Amparo López Nafarroako Gobernuko Barne zuzendari nagusiak. Suhiltzaileak, ordea, ez daude horrekin erabat ados. “Kudeaketa erraza izan du azken sute honek, baina uda igarota suhiltzaile zerbitzua lehen baino okerrago da, baliabide gutxiago ditugu. Zerbitzuak okerrera egin du, eta okerrera eginen du”, azaldu du Iñigo Balbasek.
Ohartarazi dutenez, Javier Remirezek kudeatzen duen departamentua gaur hasi da basoko suhiltzaileen zerbitzua murrizten. Errefortzu langilerik gabe daude orain, Lodosan, Azkoien eta Tuteran. “Iruñerrian datorren astean kaleratuko dute plantilla erdia, eta hilabete amaieran gainerakoak”, gaineratu du.
Egiturazko arazoa bizi du zerbitzuak Balbasen aburuz, eta buruan inor ez dela dio. Herenegun sekzio-buru batek dimisioa aurkeztu zuen, eta gehiago ere izan dira azken hilabeteetan. "Egoeraren erantzule nagusia Javier Remirez kontseilaria da", iritzi dio Balbasek.