Aritz Aiesa: “Konponbideak bilatu behar ditugu gure birika, Ezkaba, zaindu ahal izateko”

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 21a, 11:00

Antsoaingo alkateordeak suhiltzaileen lana eskertu du: “Gauaren beldur ginen, baina sekulako lana egin dute”

“Gauak aurrera egin ahala sua itzaltzen ikusi dugu. Sekulako lana egin dute. Ikusgarria izan da nola joan den itzaltzen suhiltzaileen lanari esker. Oso eskertuta gaude”. Hala mintzatu da Antsoaingo alkateorde Aritz Aiesa, Ezkabako sutearen karietara bart gauean bizi izandakoen inguruan.

Sugarrak Antsoaindik oso hurbil ibili ziren, baina azkenean apenas ukitu zuten udalerriko lur eremua: “Oraindik zehazki ikusi behar dugu. Antsoaingo aldetik itxura guztien arabera, mugan geratu da. Gehiena Iruñea eta Ezkabarte artean jasan dute”.

Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du bart ezzela behin ere arriskurik izan herritarrentzat. Haatik, atzo arratsaldean, zenbait unetan, gauza ez zituzten horren argi izan: “Oso egoera zaila izan zen. Sutea ingurabidera nola hurbiltzen zen ikusi genuen, eta Otxoa de Olza institutuaren parera iritsi zen. Baina azkenean, zorionez, suhiltzaileek kontrolpean mantendu zuten.

Nolanahi ere, Aiesaren arabera, Nafarroako Gobernuaren eta Udalaren arteko koordinazioa ona izan zen: “Koordinazioa ongi joan zen. Hasieratik jakinarazi ziguten zein zen egoera. Igerilekuak hustu genituen erabili ahal zitzaten helikopteroek ura hartzeko. Udaltzainak ere lanean aritu ziren”.

Aiesaren aburuz, atzoko sutetik lezioa eratorri beharra dago: “Oso arratsalde gogorra izan zen. Pena handia hartu genuen. Konponbideak sortu behar ditugu. Gure birika, mendia, parkea zaindu behar dugu”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!