Suhiltzaileek itzalitzat eman dute Ezkabako sutea

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 21a, 07:25

Ezkabako sutea, atzo arratsaldean (Argazkia: Eñaut Landa)

Uneotan ingurua freskatzeko lanetan ari dira. 70 suhiltzailek gau osoa eman dute sugarrak itzaltzen.

Nafarroako Suhiltzaileek itzalitzat ematen dute bart gauetik Ezkaba mendiko ezker hegia kiskaltzen ari zen sutea. Sutearen aurkako koordinazio zentroa Iruñerriko Mankomunitatearen autobus parkinean paratu dute. Atzo gauerdian sutea kontrolatutzat eman zuten. Gaur goizean itzalitzat eman dute, Euskadi Irratiak jakinarazi duenez.

Atzo arratsaldean sutea Txantrea eta Antsoain arteko zuhaizti batean piztu zelarik, Iruñeko Ipar Ingurabidea (AP 30) eta Ezkabako tunelak itxi behar izan zituzten. Goizaldean berrireki dituzte.

Suteak bi foku nagusi izan ditu: bat, mendiko mendebaldean, tontorretik gertu; bestea, ekialdean, Iruñeriko Mankominateko autobusen aparkalekuaren parean. Suhiltzaileen helburua bi fokuok ez bat egitea izan zen, eta bete egin zuten. Arratsaldean, ipar haize indartsua izan zen, 60 km/o-ko boladekin. Gauean haizea apaldu da, eta horrek, zein termometroa 9 gradura arte jaisteak, itzaltze lanak erraztu ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!