Eva Ugalde
Ikasturtea hasi da, eta horrekin batera gure betiko martxa: akabo
oporrak, haurrak eskolara, etab., ezta?
Martxa horretan txangoak, bisitak eta aisiako jarduerak ere sartuko
ditugu e?, ez pentsa! Adibidez, pasa den igandean Orgi Basoan ibili
nintzen Aitziber Alonso ilustratzailearekin, euskal mitologia eta
ilustrazioari buruzko mintzaldi batean (por tzierto, oso interesgarria
han duten kultura egitaraua. Igandean, adibidez, Land Art tailer bat
izango da eta Doneztebeko abesbatza joango da. Horretaz aparte
Pirritx eta Porrotx egon ziren, Goazenekoak… eta hainbat artista).
Bueno, al lio, hori igandean egin nuen, baina larunbatean Bertizera
joan nintzen hango eguna ospatzen zen eta: taloak egiteko lantegiak,
artisauen postuak, bisita gidatuak, bertako margolariak nonahi eta
Elizondoko abesbatza. Ondo badakizu musikazale amorratua naizela
eta han geratu nintzen, gozatzen. Abesti batzuek liluraturik utzi
ninduten, “Kristalez inguratua” eta “Xirmi Xarma” besteak beste.
Gero neska bat zela konpotsailea jakin nuen eta honera ekartzea
erabaki nuen, konpotsizio arlo horretan, emakumea izanda, ez baita
batere erraza bide bat egitea.
Eva Ugalde du izena. Donostian jaio zen 1973an eta hango Francisco
Escudero Musika Kontserbatorio Profesionaleko Musika eta Abesbatza
Hizkuntzako irakaslea da.
Piano, konposizio, koru zuzendaritza eta pedagogia ikasketak egin
zituen Donostiako Goi Mailako Kontserbatorioan. Hogei urterekin
Kanta Cantemus Koroa emakumeen abesbatzan sartu zen, Javier
Busto konpositore ezagunak zuzenduta, eta hark bultzatu zuen
musika korala konposatzera. Esan behar dugu Javi Bustok XX.
mendearen amaieran konpositore berri askoren lana bultzatu egin
zuela.
Bere lehen lanak, 90eko hamarkadaren amaieran idatziak, ahots
zurientzat izan ziren. Gero, musika koral eta formatu txikiko
konposizioan espezializatu zen.
Haren abestiak ez dira batere errazak kantatzeko, bai ordea
entzuteko, oso konplexuak izan arren, guztiz ulergarriak baitira.
Jazzaren eta New Age musikaren eragina du.
Hainbat konposizio sari irabazi zituen eta bere musikak harrera
berezia jaso zuen Estatu Batuetan, Kanadan, Japonian edo Suedian.
Beste alde batetik, abesbatza lehiaketa ospetsuenetan, Tolosako
Nazioarteko Lehiaketan edo San Vicente de la Barquera Mariñel
Abestien txapelketan, besteak beste, derrigorrezko piezak izan eta
izanten dira berak idatzitako abestiak.
Cantabriako herri horretan, San Vicente de la Barqueran alegian, eta
Ejea de los Caballeros, Gijón eta Valladoliden ospatzen diren
Abesbatzen lehiaketetan epaimahaikidea izateko gonbidatua egon da
askotan. Era berean, nazioarteko hainbat lehiaketatan parte hartu du
epaimahai gisa, hala nola Guido d´Arezzo, Festivale Internazionale
«Leonardo da Vinci», Hego Amerikako Emakumezkoen Abesbatzen
Nazioarteko Jaialdia (Puerto Madryn), etab.
Azken urteotan, bere profil pedagogikoa sustatu du, eskola
magistralak emanez, ikastaroak emanez eta mintegi desberdinetan
hizlari gisa parte hartuz. Berak ematen dituen master classak bere
obrari buruzkoak dira.
Halaber, hizlari gisa egin duen lanean, aipatzekoa da "Konposizioa
emakumeen ikuspegitik" Valentziako Unibertsitatearentzat, edo
"CompositorAs", "Historia ikusezina" Latinoamerikako Emakumezkoen
Nazioarteko Abesbatzen Jaialdirako. Ponentzia horiek emakumeek
konposatutako lanak zabaltzeko duten interesaren isladatzat
hartzekoak dira.
Zuzendari gisa, Hungariara gonbidatu zuten 2015ean, Kodaly
Institutuko Cantemus Emakumezkoen Abesbatzarekin lan egiteko eta
bere lanak zuzentzeko. Kodaly institutuaren diziplinako
ospetsuenetako bat da.
2018an bere musikaren monografiko baten grabazioan parte hartu
zuen ahots berdinetarako Madrilgo ALAIA abesbatzaren eskutik,
Daniel de la Puentek eta Irene Alfagemek zuzenduta pianoan.
Bere musika nahiko ezaguna da jada, eta, horren ondorioz, hainbat
ahots taldek grabatu dute. Beraz, YouTube, Spotify edo Apple Music
bezalako plataformetan aurki daiteke.