Iruñeko Udalak Compenso zigilua jaso du. Klima aldaketaren aurkako borrokan karbono dioxidoa xurgatzeko udal proiektuak aitortzen dituen zigilua da hain zuzen Iruñeak jaso duena. Iaz ekin zion udalak xurgapen-baso autoktono bat landatzeari, Agustinos industrialdeko lursail publiko batean. 4,1 hektareako lursail horretan lehen hektarea landatu eta xurgatze-proiektu gisa erregistratu ondoren, zigilua lortu eta 30 urtez iraungo duen ekimena onartu da.
Basoari hasiera emateko 665 zuhaitz landatu ziren, besteak beste, haritz ilehoria, zumarrak, intxaurrondoak eta serbalariak, baita sastraka autoktonoa ere. Aranzadi lorezaintzako tailer-eskolako 17 parte-hartzaileren esku-hartzearekin gauzatu zen lehenengo landaketa eta bigarren fase honetan boluntarioei dei egitea aurreikusten da. Lehen hektarea horrek isurketen 21 tona CO2 konpentsatuko ditu gutxienez eta kopurua gorantz egin dezake basoaren bilakaeraren arabera.
Hiru urteko epean, berotegi efektuko gasen isurketa, “Karbono aztarna” delakoa, orekatuko du basoak eta biodibertsitatea bultzatuko du. Udazken honetarako, lursailaren gainerakoa landatzea aurreikusita dago eta gainera, basoak herritarren gozamenerako erabilerarik ez duen eremu bat berreskuratzea eta ingurunea hobetzea du helburu.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!