Atarrabia eta Arre (Ezkabarte) zubi berri batek lotuko ditu. Egun bi udalerrien arteko bidea Ibai Parketik zein PA-30 errepidearen azpitik igarotzen zen tunel estu batetik egin ohi dute oinezkoek eta bizikleta erabiltzaileek. Egitura berri honekin modu seguruagoan eta jasangarriagoan bermatuko da bertako herritarren eta bisitarien mugikortasuna.
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Next Generation EB funtsen finantzaketa duen obra hau bideratuko du, 1.315.198,83 euroko inbertsioa eginik. Lanak egiteko 3 hilabete eta erdiko epea dago.
Mikel Oteiza Atarrabiako alkateak eta Juan Maria Ulazia Arreko Kontzejuko lehendakariak gaur izan dute proiektuaren onarpenaren berri, Bernardo Ziriza kontseilariaren eskutik.
Nafarroako Gobernuak, ohar bidez, zehaztu du "beste aukera batzuk aztertu" zituztela baina guztien artean "bideragarriena gaur aurkeztutakoa" dela.
Zaldain berriaren egitura metalikoa izango da eta 33,45 metroko luzera izanen du. Gainera 3 metroko zabalera erabilgarria izango du, proiektuak aurreikusitakoaren arabera. Azpitik igaroko den errepidean ibilgailu arin eta astunen jarioa bermatuko duen lurraren eta pasabidea jarri behar den altueraren arteko kota-aldea gainditzeko,irisgarritasun unibertsalari buruzko araudia betetzen duten hurbiltze-arrapalak jarriko dituzte bi ertzetan.
Bidetik zubiko maldetarako bidean, LED bidezko argiztapena jarriko dute, 30 metrotik behin alde bakarretik jarritako 10 metroko altuerako zutabeetan jarrita. Arrapala eta sarbide-eskaileretan LED argi antibandalikoen bidezko argiztapena proiektatu dute. Zaldainean bertan aldiz, arrapaletan proiektatzen diren argi mota bera jartzea aurreikusi dute, metalezko egituran zehar 9 metroko distantzia-tartearekin jarrita.
Jakina denez PA-30 bideko errailak bikoiztuko dituzte etorkizunean eta zaldain berriaren eraikuntzan hori aintzat hartuko dute, tarte zabalagoa utzita bi muturretan.