"Helburuak lortuta" hurrengo ediziora begira jarri da Hatortxu Rock

Iosu Ganuza Garcia 2022ko abu. 1a, 07:05

Sakabanaketaren kalteei aurre egite< helburu duen jaialdiak 27. edizioa izango du abenduaren 17an.

Pandemia osteko lehen Hatortxu Rock arrakastatsua izan da erabat. Asteburu honetan milaka lagunek bat egin dute Atarrabian Etxera, Elkartasuna eta Auzolana oholtzen inguruan, euskal presoei haien babesa adierazteko.

Ekitaldi nagusian Antton Telleriak gogorarazi zuen: "urtean hartzen ditugun trago solidarioenak dira". Akaso ez zuen beste urte batzuetako kartel distiratsuena, baina edizio distiratsuenetako bat izan zen. Antolakuntzak eginiko lehen balorazioan argi utzi zuen Hatortxu "elkartasunez betetako 48 ordu, zeinetan 1.500 lagunek auzolanean eta milaka lagunek jai giro paregabean gogoan izateko zita berri bat utzi duten" jaialdia izan dela.

Duela hogetia hiru urte hasi zen jaialdiaren 26. edizio honek tamalez beltzune argiak izan ditu, festa zenbaitetan eten eta bigarren eguneko hitzordua ordu eta erdi lehenago bertan behera uztea eragin zuten eraso sexista eta homofoboak. Datu zehatza antolakuntzak eman zuen ohar bidez: asteburu honetan "hiru eraso homofobo eta bost eraso sexista salatu dira". 

Egoera hori "onartezina" dela azpimarratuta eta "Hatortxu gune segurua izan dadin neurriak hartu ditugun arren, nazkaz eta amorruz beterik esan behar dizuegu ez dugula lortu" deitoratu du antolakuntzak. Hala ere argi utzi dute "gure esku ditugun tresna eta baliabide guztiak jarriko" dituztela "HTX guztiontzako gune seguru bilakatzeko".

Auzolana

Sarri aipatu izaten da Hatortxun elkartasuna bi eratakoa dela: batetik preso eta senideei jaialdian bat eginik eta ekarpen ekonomikoekin egiten zaiena, eta bestetik jaialdia aurrera ateratzeko lan taldeak eta boluntarioek egiten dutena.

1.500 lagun inguruk festa tarte batez alde batera utzi eta segurtasunean, garbiketan edo barren bestaldean eman dituzte haien orduak. 

Festa amaituta garbiketa eta antolaketa lanek jarraitzen dute "Atarrabiako herriari gunea behar bezala itzultzeko" baina dagoeneko aurrera begira da Hatortxu Rock. "Oraindik 180 euskal preso politiko daude espetxean" zehaztu du antolakuntzak oharrean, gaineratuta "haietako asko Euskal Herriko espetxeetan baldin badaude ere", oraindik badirela "beste asko espainiar eta frantziar Estatuetan urrunduta daudenak". Horregatik "preso gutxiago daudela egia den arren, bakar bat ere gehiegi da" eta hori dela eta "Hatortxu Rockek lanean jarraitu beharko du".

27. edizioa prestatzen hasi da dagoeneko antolakuntza eta hitzorduaren data aurreratu du, abenduaren 17a. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!