Euskara aintzat hartu beharko du Zizur Nagusiko Udalak

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 18a, 13:12

Atezainen deialdian udalak euskararen ordenantza urratu duela ebatzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak.

“Deialdi guztietan, euskaraz jakin beharrik ez dagoenetan, merezimendua izanen da euskaraz jakitea”. Euskara lanpostu publikoetan aintzat hartu behar dela jasotzen du Zizur Nagusiko Euskararen Ordenantzak. Zizurko Udalak, ordea, araudia urratzen zuen lan deialdia egin zuen 2021ko apirilean. Atezainen bi zerrenda osatzeko deitu zuen, bat lanpostu elebidunetarako eta bestea gaztelaniazko profila duten lanpostuetarako. Azken horretan, euskara ez zuten merezimendu gisa baloratzen

Herritar batek kexa jarri, eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ebazpena eman zuen 2022ko apirilaren 25ean. Euskara merezimendu gisa baloratu behar dutela ebatzi du, eta, Euskararen Ordenantzari jarraikiz, lanpostuak jendearekin harremana duenez, euskararen balorazioa %10a izan behar duela. Zizur Nagusiko Udalak azaldu zuen, oposizioaren sistema hautatu zuelako ez zutela euskararen balorazioa gehitu. Baina Euskararen Ordenantzak ez du salbuespenik aipatzen oposizio eta oposizio-lehiaketa sarbideen artean.

Administrazioan Euskaraz taldeak Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ildo aldaketa zoriondu du: “Behingoz arauek diotena aplikatu du. Aurretik, horrelako auzietan iritzietan oinarrituta eman baititu ebazpenak: balorazio gehiegizkoa, proportziorik gabea, jusifikatu gabea…”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!