Gádor Muntaner
“Itsasoa hemen hasten da”. Ikusi al dituzu noizbait hori esaten duten plaka batzuk, normalean, estolda zuloen ondoan? Ba al dakizu zergatik jartzen dituzten horiek? Kalekumeei gogorarazteko kalean lurrera botatzen ditugun hondakin guztiak estoldatik eror daitezkeela, eta, handik, ibaietara joan daitezkeela, bidea itsasoan amaitzeko gero. Eta ez, ez da gehiegikeria bat. Itsasoan agertzen den plastikoren %90 hiri eremuetatik dator. Honi buruz asko daki gaurko gizalabak: Gádor Muntanerrek.
Duela 31 urte Katalunian jaiotako ikertzaile eta dibulgatzaile bat da. Baina ez pentsa txiripaz etorri zitzaiola zaletasuna edo itsasoarekiko maitasuna, ez. Etxean farmazia zeukatenez, karrera bera hasi zen ikasten. Baina ez zuen gustuko; ez zen espero zuen bezainbeste, behintzat. Horregatik, barnean sentitzen zuen grinari kasu egin zion, eta guztiz aldatu zuen haren bizitzaren norabidea. Kanaria Handira joan zen Itsasoaren zientziak ikastera unibertsitatera. Eta ikasketak burutzean, beka bati esker, Mexikora joan zen tesia egitera. Han eman ditu azken urte hauek.
Lehenik, Mexikoko Guadalupe uhartean, kutsadura organikoak marrazo zuriari eragiten egiten dion kaltea ikertzen; eta Kaliforniako laborategi batean gero, marrazoei biopsiak egiten, plastikoen eragina aztertzen. Konturatu al zara? Marrazoa gora eta behera aritzen gara eten gabean. Izan ere, gure Gádor marrazoetan espezializatua baitago. Eta horrek bai ustekabean harrapatu zuela. Uretara sartu zen lehengo aldian 3 urte zituen, baina marrazo bat ikusi zuen lehen aldian 16 urte zituen. Uretan sartu aurretik bazekien marrazo bat ikusteko aukera zegoela. Garai hartan marrazoekin amesgaiztoak besterik ez zituen, eta haietan jan egin behar zutela ikusten zuen. Beraz, eskualoengatik sentitzen zuena beldurra, estresa eta izua zen. Marrazoek beldurtu, larritu eta izutu egiten zuten. Baina, urpean zegoenean, marrazo txiki bat ikusi zuen, eta mirespen-sentsazioa sortu zitzaion. Munduan 400 milioi urte daramatzan fosil bizidunatzat hartu zuen, perfektua den animalia. Liluratua geratu zen. Uste zuen baino liluratuago.
Geroztik bai arreta, bai lana jarri du marrazoetan. Baleak eta izurdeak ere oso gustuko ditu, gizakiengandik oso hurbil dauden ugaztunak direlako. Haren esanetan, gustura ikertuko lituzke, baina aukeratu behar izan zuenean zeinek behar zuen laguntza handiagoa pentsatu zuen, eta marrazoarekin geratu zen. Haren ustetan jende askok zetazeoak maite dituzte, eta oso gutxik marrazoak, batez ere beldurragatik. Agian arrazoia du...
Hautaketa hura egin ostean, buru-belarri hasi zen lanean, berak hautsi zituen aurreiritziak jendeak ere hauts zitzan. Hori dela eta, argi eta garbi izan du beti, azterketak egiteaz gain, kontatu behar dituela, dibulgazioa egin behar duela, Jaques Cousteauk esaten zuen bezala “jendeak maitatzen duena babesten duelako, baina ezagutzen duguna bakarrik maitatzen dugu”. Filosofia horri jarraituz, Instagramen eta Twitterrean profilak sortu zituen @gadormunta izenarekin, eta gaur egun jarraitzaile mordo batek gertutik ezagutzen du zientzialaria ikertzen ari dena. Adibidez, azkeneko ikerketetan debekatuak diren pestizida batzuk aurkitu ditu marrazo zuriaren gorputzean. 60.ko hamarkadan malariaren kontra eta larreak babesteko askotan erabiltzen ziren pestizida mota bat, hain zuzen. Nahiz eta 70.eko hamarkadaztik geroztik debekatuak izan, minbizia eragiten zutelako, oraindik ez da itsasotik desagertu, oso iraunkorra baita, eta, ondorioz, oso kaltegarria. Zientzialarien erronkak ere aurkezten eta azaltzen ditu gure Gádorrek. Haien artean, adibidez, nola egokitu antzinatik marrazoen ehizetan oinarritzen diren komunitateak. Irtenbidea marrazoekin ekoturismoa egiteak dirudi. Mexikoko Cabo Pulmo Erreserba Babestuarena jarraibide polita izan daiteke. Eta haren bizipenak ere hedatzen ditu dibulgatzaile honek. Apnea egiten oso trebea da. Haren esanetan, arnasari 20 metrora eusten egoteak, hain espazio handian eta animalia horietaz inguratuta, txiki-txiki sentiarazten du bat. Baina benetan kezkagarria iruditzen zaiona, eta arreta handiz dibulgatzen saiatzen duena, plastikoen erabilera da. Urteak daramatza esaten erabilera bakarreko plastikoek desagertu behar dutela, baina orain jada hori ez da nahikoa. Itsasoan ikusten duenez, plastikoaren kopurua handitzen ari da. Hori oso kaltegarria da bai animalientzat, bai guretzat, haiek jaten dutena guk jaten dugulako gero, eta, azken finean, espezie bati kalte eragiten diona, kaltegarria izan daitekeelako guztientzat, kate berberean lotuta gaudelako. Horregatik, gure eguneroko bizitzatik gero eta plastiko gutxiago erabiltzera aholkatzen du. Erosketetan, adibidez, telazko poltsak erabiltzea edo ontziratu gabe hartzea erostea posible den guztia, etab.
Gádor egiten ari den dibulgazio-lan horretan, komunikazio-profil oso indartsuak dituzten pertsonen laguntza du, hala nola Jesús Callejarena. Beste alde batetik, Pelagios Kakunjá GKEko partaidea da. Erakunde horrek Mexikon marrazoak eta manta-arraiak ikertzea eta babestea du helburu nagusia. Beraz, gaurko gizalaba arrunt gaztea izan arren, asko dauka irakasteko. Merezi zuen ezagutzeak, ezta? Ni, behintzat,, haren Instagrama kuxkuxeatzen hasita naiz.