Haren abentura 1981ean hasi zen, Nantesko Unibertsitatean (Frantzia) ornitologian graduatu zenean, hain zuzen. Orduan doktorego-tesia egin behar zuen, eta aipatutako hegazti hori hartu zuen aztergai. Horregatik, zehatz-mehatz ikertzera abiatu zen Brasilgo Atlantiko oihanerantz tesi-zuzendariarekin batera. Berak ohartarazi zion azkar ibili behar zuela, 9 edo 10 urteren barruan basoa desagertuko zela aurreikusten baitzen, eta, horren ondorioz, zozoa. Iragarpen horrek ikasle gaztea hunkitu egin zuen. Horren eraginez, erabaki bat hartu zuen: lehenik basoa salbatuko zuela, hegaztiaren habitata bermatzeko. Hasiera ez zen batere erraza izan. Pedra Talhada lurraldean bertako abeltzaintzan eta azukre-kanaberetan aritzen ziren. Gehienentzat oihana animalia eta pertsona arriskutsuen gordelekua besterik ez zen, eta, horrez gain, haien ogibideari lekua kentzen ziena. Lurzoruen jabetza ez zen haiena, bertako jauntxoena baizik. Hori ikusita, Anitak egin zuen lehen ekintzetako bat haiekin eta politikariekin harremanetan jartzea izan zen, haiek baitzuten erabakitzeko eta konbentzitzeko ahalmena. Neskaren alaitasunak eta begikotasunak ate asko ireki zizkioten, inork ez baitzuen mehatxu gisa ikusi. Hala ere, inork ez zuen aintzat hartzen. Horrekin batera, beste oztopo bat aurkitu zuen bidean. Herritarren kezken artean basoa kontserbatu beharra ez zegoela konturatu zen. Eskola edo zerbitzuen beharra larriagoa ikusten zuten zuhaitz batzuei gertatuko zitzaiena baino. Argi zegoen proiektu ekologiko bat ez ezik, gizartea eraldatzeko proiektu bat ere beharrezkoa zela. Horrek bultzatu zuen hauteskunde-kanpaina betean, alkateari akordio bat proposatzera: eskola bat eraikiko zuen Anitak (alkateari boto asko ziurtatuko zizkion horrek), alkate-jaunak eskualdeko gainerako alkateek Pedra Talhadaren zati bat zaintzeko hitzarmena sinatzea lortzen bazuen. Gizonak onartu zuen proposamena, eta neskak lanari ekin behar izan zion bere helburua lortzeko behar zuen dirua eskuratzeko. Horretarako , 1985ean Nordesta GKEa (https://nordesta.org /) sortu zuen, eremu tropikaletako basoa berritzeko eta landa-populazioen bizi-baldintzak hobetzeko. Elkarte horri eta bildutako funtsei esker, Anitak eskola eraikitzea lortu zuen, eta, aldi berean, ingurumen-hezkuntzako kanpaina bat abian jartzea, oihana babesteko premia larria transmititzeko. Gero, basoberritze plan bati ekin zion. Lurjabeei baimena eskatu zien, eta herriko hamabost gizon kontratatu zituen zuhaitzak landatzeko, Pedra Talhada beste baso batzuekin lotzeko, estatuko mugaz gaindi. Eta lortu, lortu zuen, bai, eremu zabal eta berri hura erreserba ofizial izendatu baitzuen estatuko gobernuak. Azkenik, ura kontserbatzeko zein inportantea zen basoa azpimarratu nahi izan zuen; azken finean, zuhaitzek ura atxikitzen dutelako. Bertako basoan 169 iturburu daude, 300.000 pertsonari edaten ematen dietenak. Zuhaitz gehiago landatu behar zirela errepikatzen hasi zen etengabean eta nonahi. Pixkanaka-pixkanaka mezua eta lana finkatzen joan zen, eta emaitzak ematen. Urte hauetan, ehun barietate desberdinetako zortzi milioi zuhaitz aldatu dira. Horrek biodibertsitate botaniko eta biologiko handia ekarri dio basoari. Lehen basoan bizi ziren 300 hegaztiak hamar aldiz gehiago dira orain. Baina benetan baliotsua dena da bertako biztanleek basoa salbatzea aukerarik onena dela uste dutela- Hori da Anitaren lorpen handiena. Hasiera-hasieratik iragarri zuen bezala, ingurumena babesteko jarduerak garatzeaz gain, pertsonen bizitzak hobetzen lan egitea beharrezkoa zen, eta horretan aritu da helburua burutu arte. Ingurumenhezkuntza, erlezaintza, nekazaritza eta basogintza, naturari buruzko haurrendako komikiak argitaratzea, eskola eta tailerren eraikuntza… Horrek guztiak etxeko ekonomietan diru-iturri berriak ezartzea ahalbidetu du, baina diru-iturriak naturarekin orekatuta. Bere ekintza-planak hain eragin handia izan duenez, Brasilgo hamalau estatutan abian jarri da. Eguzki-plakak jarri dira eskolak argiztatzeko, espezie mehatxatuak babesteko kanpaina bat martxan jarri da, eta Brasilgo biodibertsitatea aztertzeko ikerketa zientifikoak abiarazi dira. Anitak Ekimenaren Rolex Saria irabazi zuen 1990ean. Gainera, udal-agintariek eta estatu-politikek emandako «Ohorezko Herritarra» saria jaso zuen, Hego Amerikari emandako zerbitzuagatik, baita Frantziako Gobernuak emandako Ohorezko Legioaren Zaldun titulua ere, 2009an. Kontserbazionista lana egiteaz gain, dibulgatzaile gisa aritu da, eta urte hauetan 15 artikulu argitaratu ditu aldizkari zientifikoetan, batez ere Brasilgo hegaztien bizitzari buruzkoak, baita liburu bat ere.