%3,8 egin du behera 3 urtekoen aurre-matrikulazioak, Iruñerrian

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 10a, 11:00

Euskarazko irakaskuntzak 866 aurre inskripzio bildu ditu 3 urteko haurren artean 2022-23 ikasturterako. Alaitz, Bernat Etxepare, San Frantzisko, Erreniega eta Paz de Ziganda ikastetxeetan hazi da gehien eskaria.

Martxan den ikasturtearekin alderatuta, matrikulazioak %3,8ko jaitsiera izan du D ereduan, Iruñerrian. 899 aurre matrikula egin ziren joan den ikasturtean; hurrengorako, berriz, 866 izan dira. Edonola, jaitsiera Nafarroan jaiotako haurren erroldak islatzen duena baino baxuago da (%6,2ko jaitsiera izan zuen jaiotza tasak 2021an).

 

 

46 aurre inskripzio gutxiago, publikoan

Azken aurre matrikulan ez bezala, oraingoan, irakaskuntza publikoa izan da beherakada handiena izan duena. 49 aurre inskripzio gutxiago pilatu ditu publikoak; ikastolek, 16 gehiago. Hala ere, hainbat herri hazi dira, hala nola Barañain (24tik 32ra), Antsoain (34tik 39ra), Uharte (19tik 22ra) edo Zizur Nagusia (44tik 59ra): Beste batzuk, berriz, jaitsi: Sarriguren (60tik 40ra), Mutiloa (59tik 48ra), Atarrabia (36tik 25era) edo Orkoien (26tik 15era).

Hiriburuari dagokionez, San Frantziskok (23tik 36ra) eta Bernart Etxeparek (30etik 36ra) aurre inskripzioak ugaritu dituzte, eta Mendigoitik (58tik 46ra), Patxi Larrainzarrek (39tik 32ra), Hegoaldek (48tik 41era) edo Buztintxurik (44tik 38ra) hainbat eskaera galdu dituzte.

Gora egin du Ikastolen izen emateak

Nafarroako Ikastolen kasuan, 185 eskaritik 201 eskarira igo da zenbatekoa. Matrikulazioek gora egin dute Atarrabiako Paz de Zigandan (62tik 74ra) eta San Ferminen (93tik 98ra). Jaso Ikastolan, ordea, iaz baino aurre matrikulazio eskaera bat gutxiago jaso dute.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!