LABek salatu du azkeneko egunetan bi langile hil direla Iruñean. Batetik, sindikatuak zehaztu du "joan den ostiralean, apirilaren 30ean, kamioilari bat hilda" agertu zela "Volkswagen faktoriako hornitzaileen aparkalekuan", Landabenen. Bestetik asteartean "Nafarroako Unibertsitate Ospitalean garbitzaile bat hil zela" adierazi du ohar bidez. Modu honetan 25 lirateke lanean edo lanpostuan hildako beharginak urtea hasi denetik.
LABek "une latz hauetan elkartasuna" helarazi die lankide eta senideei.
Gertakariei dagokienez, kamioilariaren heriotzaren berri "Volkswageneko ekoizpen katean pieza batzuk falta zitzaizkiela ikusirik, kateako langileak enpresa hornitzailearekin jarri ziren harremanetan, eta honek bere kamioia geolokalizatu zuten" zehaztu du LAB sindikatuak. Foruzaingoak topatu zuen gorpua. Salatu dute "piezak falta zirelako" topatu zutela kamioilaria hilik, ez bera falta zelako. Horregatik gizarte gisa "ausnarketa" egiteko deia luzatu dute eta garraioaren sektorearen prekarizazioa salatu dute.
Bestalde, aipatu bezala, maiatzaren 3an, 20:30 aldera, Maju garbiketa enpresako 62 urteko langile bat Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko aldageletan hil zen, Iruñean. "Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik" zehaztu du abertzaleen sindikatuak.
Heriotza honi dagokionez "Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuak zein Lan ikuskaritzak euren gabezia larriei konponbidea" jartzeko eskatu die eta "ezagunak diren arrisku gune eta egoera jakin horietan" beharrezko kontrol neurriak jartzeko.