Duela oso gutxi Cristina del Barrio mezzosopranoa ezagutzeko aukera izan nuen. Gozamena.
Gure gizalaben artean egotea merezi duen emakume interesgarri bat da. Bai horixe. Izugarrizko ahotsa du, eta goiko mailan aritzen da lanean.
Baina, merezi arren, gaur berari buruz ez dut hitz egingo, beste gizalaba bat hartuko baitut hizpide. Berak proposatutako beste gizalaba bat, hain zuzen, Maria de Pablos.
1904an Segovian jaiotakoa, pianista, konpositorea eta orkestra-zuzendari aitzindaria izan zen. Konposizio-oposizioetara aurkeztu zen lehen emakumea izan zen, eta 23 urte besterik ez zituela
Kontserbatorioko Konposizioko Lehen Saria irabazi zuen, poema sinfoniko batekin, «Gaztela» eta «Ave». 27ko Belaunaldiko beste hainbat emakume bezala, ahaztuta, itzalean egon zen, Mariano Gomez de Casok 2016an bere biografia argitaratu zuen arte.
Musika ikasketak Segovian bertan hasi zituen. 10 urte zituela Madrilera joan zen bizitzera familiarekin, eta han jarraitu zuen musika ikasten. Baina ez pentsa, hura ez zen batere erraza izan, etxekoek zaletasun hura ez baitzuten begi onez ikusten. Hala eta guztiz ere, lortu zuen
ikasketak burutzea. Lehen aipatutako konposizio saria lortu ostean, Erromako Arte-Ederretako Akademiarako beka lortu zuen lehendabiziko emakumea izan zen. Ordurako, Postako Emakumezko Laguntzaileen
Kidegoan oposizio bidez lortutako lanpostua zuen.
Behin Erroman finkatua, zailtasunak azaltzen hasi ziren. Bekadunek kultur jardueretara joan behar zuten, baina Maria emakumea zenez, ezin zen kalean bakarrik ibili. Beraz, gogor egin zuen lan berdintasunaren alde eta gizonek zituzten eskubideak lortzeko.
Lau urte eman zituen Erroman. Denboraldi horretan harizko instrumentu laukote bat sortu behar izan zuen, konposizio erlijioso bat idatzi, poema sinfoniko bat eta opera-ekitaldi bat, baita Erromako hainbat prestakuntza-zentrotan ikasketak garatu ere.
Baina ez zen horrekin konformatu. Politikarien eta kazetarien aurrean hainbat kontzertu eman zituen, eta Erromako Espainiako Etxearen inaugurazioan Fallaren bi abesti jo zituen, besteak beste.
Erroman ikasketak burutu ondoren, Parisera joan zen. Han garaiko musikari ospetsuenak izan zituen irakasle, eta oso ikaskide famatuak ere bai, Piazazola, besteak beste. Hiriko kultur giroan murgildu zen erabat.
Espainian bueltan, kontserbatorioko lanean jarraitu zuen, eta orkestra zuzendaritzan.
Hogeita hamar urte zituela, bere azken lana konposatu zuen: “La cabrerilla”. Madrigal herrikoi batean oinarritua, lau ahots mistorentzat egina zegoen.
Hilabete batzuk geroago, garuneko gaitz batek jota egoteagatik, konposiziotik eta musikazuzendaritzatik aldendu behar izan zuen.
Erietxe psikiatriko batean hil zen, 86 urte zituela.
Hasieran esan dugun bezala, urteak pasa behar izan ziren haren izena eta oroitzapena berreskuratzeko. Nahiz eta garaiko musikaririk handienetako bat izan, emakumea izateak eta azken momentuak eroetxe batean pasatzeak mesede handirik ez zioten egin. Segovian bertan
haren izena ia ahazturik zegoen, eta handik kanpo askoz ahantziago, zer esanik ez.
Baina 2016an Mariano Gomez de Caso idazleak haren biografia idatzi zuen eta ilunpetik atera zuen.
Urte horretan “Behin-Behineko Sarjentu” izeneko kalea Maria de Pablos Cerezo kalea bihurtu zen, auzoan herri-bozketa egin ondoren.
Geroztik, eta pixkanaka-pixkanaka, haren memoria berreskuratzen ari da. Konpositore eta irakasle gisa bere bizitzan sortutako eta bildutako dokumentuek osatzen duten “Maria de Pablosen Funtsa” Arte Eszenikoen eta Musikaren Dokumentazio Zentroan zaintzen da.
Eta 2018tik, Maria de Pablos Nazioarteko Konposizio Lehiaketa ospatzen da Segovian, adin eta nazionalitate guztietako emakume musika-konpositoreen talentua aitortzera eta haien obra zabaltzera bideratua.
Bukatzeko esango dugu emakume hau aurkeztu zigunak, Cristina del Barriok, alegia, apirilaren 30ean Madrilen kontzertu bat eman zuela Maria de Pablos ensembleren eskutik, Clara Campoamorren heriotzaren 50. urteurrena zela eta. Ez dago zalantzarik Mariaren oso oinorde
ona dela gure Cristina.
Beraz, zorionak Cristina, eta eskerrik asko hain gizalaba interesgarria proposatzeagatik.