Iruñeko Haur Eskoletako euskarazko aurrematrikulazioa %20koa izan da, eskaintza desorekatua izanagatik ere

Euskalerria Irratia 2022ko api. 8a, 13:30

Iruñeko Udalak haur eskoletarako aurrematrikulazio datuak ezagutzera eman ditu: 856 plazatarako Ia 1.700 eskaera jaso dira. Horietarik 301 izan dira euskarazko plazetarako, hau da %19,71.

Fernando Sesma Hezkuntza zinegotzia pozik agertu da emaitzarekin, aurrikusia zutena eta hiritarren eskaera bat etorri direlakoan. 

Eskaeren ehuneko %80 erdarazko ereduetarako izan dira eta euskarazkoak, aldiz, %20ra ez dira gutxigatik iristen. 

Iruñean Iruñeko Udalak kudeatzen dituen 12 eskoletatik hurrengo ikasturterako soilik bitan eskaintzen da euskara hutsez ikasteko aukera (Izartegi eta Goiz Eder) eta beste bitan euskaraz eta ingelesez (Hello Buztintxuri eta Lezkairu).

Hizkuntz ereduei buruz Fernando Sesmak azaldu du eskaera gehienak, 1.225, gaztelaniazko ereduetarako izan direla eta haien artean eskaera gehiago izan direla ingelesezko aktibitateak eskaintzen dituzten plazetarakoak. Ia 700 izan dira, gaztelania hutsezko 532 eskaeren aurrean.

Euskaraz ere gehiago izan dira ingelesezko jarduerak dituzten plazen eskaera euskara hutsezkoak baino. 189 familiak eskatu dute euskara ingelesarekin eta 112k euskara hutsez.

Hezkuntza zinegotziak azpimarratu du eredu ingelesdunek espero baino arrakasta handiagoa izan dutela. Eskaeren %45a  izan da, zehazki. Emaitza hauek ikusita Iruñeko Udalak ingelesaren aldeko apostuarekin jarraituko duela iragarri dute. 

Bere aldetik  Maria Caballero, Haur Eskoletako Organismo Autonomoaren presidente ordeak azpimarratu du aurreko ikasturtean baino familia gehiagok eskatu dutela plaza bat Iruñeko haur eskoletan. Zehazki % 17ko igoera izan da. Horretan, seguruena,  kalitateaz gain, eskolen dohakotasunak eragina izanen duela esan du Maria Caballerok. Duela bi urte sinatu zuten akordioa Nafarroako Gobernuan hala izan zedin eta Iruñeko Udalak bide beretik jarraitu nahi du, nahiz eta orain Gobernuarekin hitzarmenik ez egon eta diru gehiago bere kabuz  jarri behar izan. Zehazki 800.000 euro jarri beharko ditu Iruñeko Udalak. 

Nabarmentzeko beste datu bat da lau eskolak hartu duten eskaera kopuru handia. Ikusgarriena Lezkairukoa: 91 plazatarako 357 eskaera hartu dute. Eskaera asko ere Mendillorrin, Mandebaldean eta Donibaneko eskoletan.

Maiatzaren 9an argitaratuko dituzte onartuen behin behineko zerrendak eta maaitzaren 23an behin betikoak. Orduan egin beharko dira matrikulazioak, abuztuaren 16an hasiko den hurrengo ikasturterako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!