Entzutekoak

Gizalaba: Sojourner Truth, feminismo beltzaren aitzindaria

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 29a, 19:31

New Yorken jaio zen 1797an eta esklabua izan zen urte luzez. Bere seme nagusia legez kanpo saldu zuen esklabistaren aurkako salaketa jarri eta irabazi zuen. Estatu Batuetako epaitegietan gizon zuri bati auzi bat irabazi zion lehen emakumezko beltz bilakatu zen horrela. 

“Ni ez naiz emakume bat akaso? Hor dagoen gizona esaten ari da
emakumeek laguntza behar dutela karrozetara igotzeko, edo leku
onak lortzeko. Niri inoiz ez didate laguntzarik eman ez ur-putzu
batean ez sartzeko, ez toki onean esertzeko. Ni ez al naiz
emakume bat akaso?
Hori izan zen Sojourner Truthek 1851an emandako mintzaldi
batean esan zuena. Emakumearen Eskubidearen konbentzioan
eman zuen, Ohion.
Esklabu beltz jaio zen, eta emakume aske bizi izan zituen azken
urteak. Esklabutzaren kontrako aktibista eta feminismo beltzaren
erreferente historikoa da.
1797an New Yorken jaio zen. Hamabi anaia-arreba izan zituen,
denak esklabo jaioak eta sal-erosiak. Soujourner, Isabella izenez
jaioa, ere saldu egin zuten, 9 urte zituela, artalde batekin batera.
Eta hura ez zen saldua izan zen aldi bakarra.
Bere bigarren jabeak bortxatu egin zuen, beste hainbat tratu txar
“oparitzeaz” aparte.
1815. urte inguruan, beste etxalde bateko esklabu batekin
ezkondu nahi izan zuen, baina orduko jabeak ez zuen hori onartu,
eta gizon hura hil egin zuen. Ondoren, behartutako ezkontza
prestatu zion.
Gizon horrekin hiru seme-alaba hazi zituen, baina horrekin ez
zituen saihestu beste salmenta batzuk. Haietako bat, seme
nagusiarena, legez kanpokoa, gainera.
Azkenik, Dumont delako jabeak askatasuna agindu zion 1826an,
baina unea iritsi zenean hitzarmena ez zuen bete. Orduan, ihes
egitea erabaki zuen Truth-ek, alaba txikia, ia jaioberria, berarekin
hartuta. 30 urte zituen.
Familia batek hartu zuen, eta bere askatasuna erosi egin zion
Dumonti. Horrez gain, Dumont auzitara eramaten lagundu zuen,
semea legez kanpo saltzeagatik. Epaiketa irabazi zuen. Bera izan
zen gizon zuri bati Estatu Batuetako epaitegietan auzi bat irabazi
zion lehen emakumezko beltza.
Semearen askatasuna lorturik, New Yorkera itzuli zen bizitzera,
eta eliza metodistarentzat hitzaldiak ematen hasi zen. Oratorian
oso trebea zela argi eta garbi geratu zen segituan. Orduan. Isabella
izena utzi zuen, eta Sojourner Truth izena erabiltzeari ekin zion
(Sojourner = bidaiaria, Truth = egia).
1843an mintzaldiak ematen hasi zen. Berdintasun eta giza
eskubideen aldeko jardunaldi askotan parte hartu zuen, nahiz eta
horietako anitzetan haren kontrako garrasiak eta burlak jasan.
Abolizionista eta heriotza-zigorraren aurkako aktibista ere izan
zen.
1851ean, Ohion, hasieran aipatu dugun “Ni ez naiz emakumea,
ala?” mintzaldia eman zuen, bereziki ospetsua izan zena.
Urteak pasata, haren ospea eta harekiko errespetua handitu eta
finkatu egin zen. Garaiko politikari eraginkorrekin elkartu zen,
Abraham Lincolnekin, besteak beste.
1884an zendu zen. 88 urte zituen. Haren hiletetara 2.000 mila
lagun baino gehiago joan ziren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!