Entzutekoak

Gizalaba: Maria Sophia von Erthal, egiazko Edurnezuri

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 22a, 19:50

Maria Sophia Margaretha Catharina von Erthal zen Grimm anaiak Edurnezuriren ipuina idazteko inspiratu ziren neska gaztea. Hau da gaur Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Gaur ipuin bat kontatuko dizuet:

Bazen behin, 1729an hain zuzen, familia bat non 10 anai-arreben artean neska bat jaio zen. Bere izena Maria Sophia Margaretha Catharina von Erthal zen, eta aita oso ezaguna zen arkitekto noble bat zuen.

Aurpegi zurbila zeukan, eta, ilea, oso-oso luzea eta beltz-beltza. Ederra zen oso.

Baina  zoritxarreko bi gertaerek haren bizitzan aztarna utzi zuten: 12 urte zituela ama hil zitzaion, eta,  baztanga eroak edo astanafarreriak jota egon ostean, ia itsu geratu zen eta gorputzean orbainak geratu zitzaizkion betiko. Bistan zeuden hanketan, besoetan eta aurpegian ez baitzitzaion deus nabaritzen, baina arroparen azpian zegoen gorputza markaz josia zegoen.

Oso gaizki pasatu zuen. Familia noble batekoa zenez inork ez zuen mespretxatu, baina ondo zekien beste familia batekoa izan balitz, bazterturik ibiliko zela. Horrengatik, beharra zuten guztiak begikoak zeuzkan, eta haiek laguntzeko prest zebilen beti.

14 urte zituela aita berriz ezkondu zen Reichestein kondesarekin. Horri esker, aitaren  estatusa hobetu zen, eta baita lanbidea ere . Geroztik, enperadorearekin batera lan egin zuen, eta bidaia asko egin behar izan zituen,herrialdez herrialde.

Bidaia horiek egiten zituen bitartean, Maria Sophiak amaordearekin geratu behar izaten zuen, nahiz eta haien arteko harremanak oso onak ez izan.

Emakume hura ez zen gaizki portatzen neskarekin, baina posible zuen bakoitzean, aurreko senarrarekin hazitako  seme-alabei on egiten zien, Maria Sophia eta haren anaia-arrebak bazterturik utzita.

Hori zela eta, familiaren etxetik 30 kilometrora joan zen bizitzera Maria Sophia, Hanau izeneko herri batera.  Alderdi hartan meatzari asko bizi ziren. Haietako asko haurrak ziren. Osasun arazoak oso hedatuak zeuden, txikienengan batez ere, eta Maria Sophiak, ohitura zuen bezala, haren esku zegoen guztia egiten zuen haiek zaintzeko eta sendatzeko.

Haren etxean, bitartean, betiko martxan jarraitzen zuten, oparotasunean murgildurik. Garai hartan Austria inguru horretan oso preziatuak ziren modan zeuden ispiluak. Lohr am Mainen ispiluak ohiko opariak ziren Europako gorteetan eta elite ekonomikoetan. Kronikek esaten dutenez, ispilu horiek beti esaten zuten egia, hau da, ez zuten ezer disimulatzen eta dena islatzen zuten.Gainera, ispilu bitxi horietako askok erreberberazioaren ezaugarri akustikoa zuten. Hau da, norbait aurrean jartzen bazen eta hitz egiten bazuen, ispiluak hitz bakoitza errepikatzen zuela. Hori zela eta, jende askok majikotzat hartzen zituen.

Ba, dirudienez, Maria Sophiaren aitak emazteari horrelako ispilu bat oparitu zion.

Beraz, neska polit bat dugu, aurpegi zurbilduna eta bihotz onekoa; amaorde desatsegin bat, meatzari txikiak, ispilu majiko bat… Horrek denak zer dakarkizu burura? Egia da sagarrik ez dagoela, ezta printzerik ere. Baina kristalezko  hilkutxa bai. Izan ere, zonalde horretan beira fina lantzen zen garai hartan, eta hilobi asko aurkitu dira horrelako  zerraldoak ziztuztenak.

Gehiago esango dizut. Hanau herrian, Maria Sophia bizi zen herrian, alegia, bi anaia bizi izan ziren, Grimm Anaiak. Horiek, guztiok dakigunez, ohiko istorioak biltzen zituzten, eta ipuin mordoxka bat idatzi zuten.

Beraz, historialarien esanetan, Edurne Zuri ipuina Maria Sophiaren bizitzan oinarrituta egon daiteke. Hori ez da harritzekoa. Beste saio batean benetako Ederraren eta Piztiaren historia aipatu genuen.Gogoan al duzu? 2019ko urrian izan zen, eta Euskalerria Irratiaren webgunean dago, bereziak atalean, eta hor barna, Gizalabak atalean.

Bukatzeko, bitxikeria bat kontatuko dizut. Erthal familiaren gaztelua gaur egun Spessart Museuma da, eta, bertan, altxor erakargarrienetako bat dago: ispilu majikoa. Noiz joango gara ikustera?

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!