Entzutekoak

Gizalaba: Bertha Benz, automobilaren aitzindaria

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 1a, 19:58

Bertha Benz, lehen zaldirik gabeko auto baterako proiektua garatu zuen emakumea da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba. 

Asteburu honetan inauteriak izan ditugu. Gozamena! Barre
egiteko aukera galanta izaten da hau.
Nik, behintzat, egin nuen, tipo bat Carl Benz mozorrotua ikustean,
batez ere.
Eta, orduan, Benzaren emaztearekin gogoratu nintzen, haren
biografia oso bitxia da eta.
Gaurko gizalabak, beraz, Berta Ringer zuen izena, eta 1849an jaioa
zen, familia dirudun batean. Horri esker, oraindik ezkondu gabe
zegoenean, ondare zati bat inbertitu ahal izan zuen burdinazko
eraikuntza enpresa batean. Baina ezkondu ostean, eskubide hori
galdu zuen, alemaniar legediaren arabera. Hala eta guztiz ere, ez
zuen amore eman, eta negozioetan jarraitu zuen haren
senarrarekin batera.
Eta negozio horiek gure historia aldatu zuten; beno, hobe esanda,
gure mugikortasuna, 1885ean, lehen zaldirik gabeko auto
baterako proiektua burutu zuelako bikoteak. 40 kilometroko
gehienezko abiadura har zezakeen hiru gurpileko auto bat zen.
Baina ezkonduta egoteagatik, araudiak hori esaten zuelako,
Berthak ezin izan zuen patentea haren izenean erregistratu, eta
senarraren izenean aurkeztu zuten. Hori dela eta, historiarentzat
automobilaren asmatzailea Carls Benz da, senar-emazteek
prozesu osoan elkarrekin lan egin arren.
Baina emakume hori asmakizunaren benetako bultzatzailea izan
zela esan beharra dago. Patentea erregistratu baino hiru urte
geroago, gizonak ezer jakin gabe, eta agintariei baimenik eskatu
gabe, Berthak senarraren asmakizunaren publizitatea egitea
erabaki zuen. Horretarako, zalgurdientzako kaleak erabiliz, 100
kilometro bidaia egingo zuela pentsatu zuen. Haren gurasoak
bisitatzera joango zen. Bi seme nagusiak hartu zituen, eta bidaia
hasi zuen.
Kontuan hartu behar dugu senar-emazteek asmatutako autoa
aurretik eginak zeuzkan bidaiak oso motzak zirela,zirkuitu mugatu
batean egindakoak, eta laguntzaile mekanikoen laguntzarekin.
Beraz, aurretik inork ez zuen egin luzera handiko bidaia bat
ibilgailu motordun batean. Baina Berthak ondo zekien nola zebilen
erabiliko zuen triziklo hura eta martxan jarri zen.
Hamaika arazo topatu zituen bidean. Ileko gantxo batekin aberia
bat konpondu behar izan zuen; haren media batekin ondo
babestuta ez zegoen kable bat egokitu zuen; kapelako orratz
baten bidez askatu zuen itxita zegoen hodi bat, eta arotz bati
laguntza eskatu behar izan zion transmisio uhala konpontzeko.
Bidean, gainera, aldapan gora aldapan behera ibili zen, eta hainbat
alditan 13 eta 15 urteko seme morrosko haiek bultzaka aritu ziren,
autoa geldirik gera ez zedin.
Azkenik, traba guztiak gainditu ondoren, Berthak helburua lortu
zuen, eta autoa distantzia luzean gidatu zuen lehena izan zen.
Gainera, bidean aurkitutako hainbat pertsona izutu egin ziren
autoa ikustean, eta bidaiaren berri lau haizetara zabaldu zuten.
Horri esker ibilgailuaren berri jende guztiak izan zuen eta, horren
ondorioz, salmentak ziurtatu ziren.
Baina saldu baino lehen, eta bidaian jasandako gertaerak kontuan
hartuta, bikoteak hainbat hobekuntza egin zituen autoan:
diskozko enbragea indarra emateko eta maldak arazorik gabe
igotzeko, eta balazta-pastillak, besteak beste.
Beraz, testu liburuetan Carl Benz autoaren asmatzailea zela esaten
badute ere, haren atzean oso lan gogorra eta garraintzitsua egin
zuen emakume bat zegoela ezin dugu ahantzi.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!