Entzutekoak

Gizalaba: Kymberly Bryant

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 15a, 20:30

Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba Estatu Batuetakoa da, afroamerikarra eta 55 urte ditu. Ingeniaritza Elektrikoan graduatu zen, Konputazio Zientzietan
espezializatuz. “Black Girls Code” elkartea sortu zuen  gutxiengo sozialetako neskei STEM arloko ikasketak egiten laguntzeko.

Joan den ostiralean, aipatu genuen bezala, Emakume eta neska
zientzialarien Eguna ospatu genuen. Haren helburua zientziaren
arloko bokazioak emakumeen eta nesken artean sustatzea da.
Nahiz eta haien presentzia eta jarduna handitu den, emakumeek
gutxiengoa izaten jarraitzen dute informazio digitalaren teknologian, matematikan eta ingeniaritzan.
Horrekin lotuta gaurko gizalaba hartuko dugu hizpide: Kymberly
Bryant.
1967an Estatu Batuetako Tennesseen jaioa da, otsailaren 14an;
beraz, atzo urtebetetzea ospatu zuen. Unibertsitatean
Ingeniaritza Elektrikoan graduatu zen, Konputazio Zientzietan
espezializatuz. Ikasketak burutu ondoren, lanean hasi zen, eta
tentsio handiko elektronika garatzen zuten hainbat enpresatan
aritu zen.
Gero farmazia arloko beste enpresa batzuetara pasatu zen,
Pfizerrera, besteak beste.
Nahiz eta oso azkarra izan, bere ikasketetan eta lanean zehar
isolamendua esperimentatu zuen afroamerikarra izateagatik.
Horregatik, 2011n alabak programazioa ikasteko interesa azaldu
zionean, eta San Frantziskoko Badian eskuragarri zeuden
ikastaroetako bat berarentzat egokia ez zela ikustean (bai ikasle
gehienak mutilak izategatik, bai oso neska afroamerikar gutxi
izateagatik), “Black Girls Code” elkartea sortu zuen.
Bryantek espero zuen ahalegin horri esker neskek, batez ere
gutxiengoetakoek, STEMen parte hartu ahal izatea, hori da,
Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika arloetan.
Orduan emakume afroamerikarrak % 3 baino gutxiago ziren
teknologiaren industrian, eta Black Girls Code elkarte hori burubelarri hasi zen lanean ehuneko hori aldatzeko eta gehitzeko.
Gaur egun, Black Girls Code elkarteak eskolaz kanpoko jardueren
eta udako kanpamenduen bidez irakasten die programazioa
eskolan egoteko adina duten neskei. San Frantziskon (Kalifornia)
egoitza duen irabazi-asmorik gabeko erakundeak 2040. urterako
milioi bat neskato irakasteko helburua du.
2013an, Bryant Etxe Zuriak Inklusio Teknologikorako Aldaketaren
Txapeldun izendatu zuen. Urte berean, Business Insiderrek
teknologian eragin handiena zuten 25 afroamerikarretako bat
zela erabaki zuen. Bryantek Pahara-Aspen Hezkuntza Beka ere
jaso zuen.
2014an, Bryantek Smithsonian aldizkariaren American Ingenuity
Award saria jaso zuen, aurrerapen sozialari emandako
babesagatik.
Baina aitortza eta sarien artean polemikak ere sortu dira. 2017an,
adibidez, Bryantek uko egin zion Uberren 125.000 dolarreko
dirulaguntza bati. Alde batetik, enpresa "faltsutzat" hartzen
zuelako, sexu-jazarpenen susmoak eta salaketa mehatxuak
agerian uzteko; eta, bestetik, Girls Who Code elkarteari harenari
baino diru kopuru askoz handiagoa eman behar ziolako.
Azkenik, 2018ko otsailean, Black Girls Code Uberren lehiakide
Lyftekin elkartu zen, Bryantek enpresa horren balioak bere
balioekin hobeto lerrokatuta zeudela uste baitzuen.
2019an, Berrikuntza Interaktiboaren sarien 13 kategoriatan 65
finalistetako bat izan zen, eta Interactive Festival saria jaso zuen,
Ospearen Aretoko kide gisa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!