Entzutekoak

Gizalabak: Amelia Earhart, hegazkinlaria

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 1a, 17:44

Amelia Earhart hegazkinlari estatubatuarra zen, bere hegaldi-markengatik ospetsua. Atlantiko eta Pazifiko ozeanoak zeharkatu zituen lehen emakumea izan zen. Hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu dizgun Gizalaba. 


Amelia Earhart hegazkinlaria izan zen, Atlantikoa (1932an) eta Pazifikoa zeharkatu zituen lehen emakumea, hain zuzen. 1937an Lurrari bira ematen saiatu zen, baina bere hegazkina Ozeano Bareko lekuren batean desagertu zen; horregatik zaigu ezezaguna
haren heriotza data, eta kondaira asko sortu ziren haren bizitzako azkeneko momentuei buruzkoak.
1897an Estatu Batuetan jaio zen, eta haurtzaroko denbora gehiena bere amaren aldeko aitona-amonekin igaro zuen. Haiek bizimodu erosoa eman zioten.
Nortasun kementsu eta geldiezinekoa zen, eta "mutilen" ekintzetan ibiltzen zen beti: arbolak eskalatzen, mendi malkarrak jaisten zilipurdika, arratoiei tiro egiten…
Gaztaroan, berriz, haren egoera edo estatusa okertu zen: aita alkoholizatua zeukan,
langabezian, eta horren ondorioz diruz larri zebiltzan, etab. 17 urte zituela, Lehenengo Mundu Gerra lehertu zenean, erizaintza lanetarako boluntario eskaini zuen bere burua.
Handik 6 urtetara hegazkin ikuskizun batera joan zen Long Beachera. Han liluratuta geratu zen ikusi zuenarekin. Biplano batean ibiltzea lortu zuen, eta aireratu bezain pronto, handik aurrera hegan egiten jarraitu beharko zuela jakin zuen. Eta horri ekin zion.
Bi urte geroago bere lehengo altitudeko errekorra lortu zuen, 14.000 oinetako altueran hegan egin zuenean. 1925ean, Aeronautikako Elkarte Nazionalean sartu zen. Bertan, dirua inbertitu zuen
lurreratze pista bat eraikitzeko. Kinner hegazkinak saltzen hasi zen, eta hegazkingintza sustatzeari ekin zion, emakumeen artean bereziki. Pixkanaka-pixkanaka haren izena gero eta ezagunagoa zen. Izan ere, Boston Globe egunkaria Ameriketako Estatu Batuetako pilotu hoberenetako bat zela esatera iritsi zen.
Ospe horrengatik, 1927an Railey kapitainak ea Atlantikoa zeharkatuko zuen lehen emakumea izan nahi zuen galdetu zion. Berak baietz, noski. Amelia pasaiari gisa joan zen bidaia horretan, baina, bukatzean, kazetariek emakumea goraipatu zuten, eta presidenteak ere zoriondu zuen.
Handik aurrera haren ospea komunikabideetan zabaltzen joan zen. Horretan agian zerikusirik izango zuen George Putnamekin, New Yorkeko editorearekin zeukan adiskidetasunak. Hari esker hitzaldiak ematen hasi zen, berak lagundu zion “20 ordu, 40 minutu” liburua argitaratzen, leku guztietara laguntzen zion, eta, azkenik, berarekin
ezkondu zen… Geroago, Ameliak hegazkingintza bultzatzen jarraitu zuen emakumezkoen artean, eta emakumeentzako aire-lasterketa bat antolatu zuen Los Angelesen. Laurogeita hemeretziak izeneko emakumezko pilotuen erakundea sortu zuen, eta lehen presidentea izan zen. Eta emakumeen artean erreferentea izaten jarraitu zuen, noski, abiadura errekorrak behin eta berriro hautsi ostean.
Aldi berean, New York, Filadelfia eta Washington artean airelinea bat ezartzen lagundu zuen.
Garai horretan, Atlantikoa zeharkatzeko grina piztu zitzaion, beste emakume batzuk ere hori lortu nahian baitzebiltzan. Bakarrik egingo zuen, eta, orduan, bidaiari bezala ez zen joango, pilotu gisa baizik.
Bidaia hori egitean, marka berriak ezarri zituen: lehenengo emakumea izan zen Atlantikoa bakarrik zeharkatzen, lehenengo pertsona hegaldi hori bi aldiz egiten, gelditu gabe egindako hegaldirik luzeena izan zen emakumeen artean, eta denbora laburrenean
zeharkatu izanaren errekorra ere lortu zuen.
Goraipamen pila bat izan zituen horren ostean. Europan eta New Yorken hitzaldiak eman zituen ; Estatu Batuetako presidentearen eskuetatik National Geographic Societyren domina jaso zuen eta hiri askotako giltzak ere eman zizkioten. Urteko emakumerik arrakastatsuena izendatu zuten, eta Kongresuak kondekoratu zuen. 1932. urtea zen.
Baina Ameliak gehiago nahi zuen, eta bi urte geroago Ozeano Barea zeharkatzeko asmoa sortu zitzaion. Aurretik 10 pilotu saiatu ziren hegaldi horretan, eta denak hil ziren saiakeran. Baina hark lortu, lortu zuen, bai horixe. Gainera, urte horretan bertan, Los
Angelesetik Mexiko Hirira joan zen bakarrik, eta handik New Jerseyko hiri handiena den Newarkera.
Hura eginda bidaia bakar bat falta zitzaion, mundua inguratzea . Hegaldi hori bukatzea lortzen bazuen, marka berriak lortuko zituen: lehenengo emakumea izango zen eta
distantziarik handiena egingo zuen ekuatoretik bira ematean. Eta buru-belarri ekin zion haren prestakuntzari. Lehendabiziko saiakera gaizki atera zen, baina Ameliak ez zuen amore eman.
1937ko maiatzaren 21ean haren azkeneko bidaia izango zena hasi zen. Los Angeles, Miami, Puerto Rico, Hego Amerika, Afrika, Itsaso Gorria, India, Bangkok eta Java.
Azkeneko leku horretan zela, arazo batzuk jasan behar izan zituen. Alde batetik, eguraldia; bestetik, hegazkina konpondu beharra, eta, azkenik, Ameliaren osasuna, disenteria harrapatu zuen eta.
Halere, bidaia jarraitu zuen. Ginea Berrira iritsi zen ekainaren 29an, 22.000 milia eginik, eta 7.000 milia egiteko. Argazkietan gaixo agertzen zen, eta nekatu itxura zuen.
Uztailaren 2an aireratu zen berriro, baina ezer gehiagorik ez dakigu.
Dirudienez, eguraldi kaskarra aurkitu zuen, lainotsua eta euritsua. Haren azkeneko mezuan erregaia agortzear zegoela esan zuen. Hegazkina itsasora erori omen zen, baina inoiz ez zuten aurkitu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!