Hondakinak tratatzeko plantari ezarritako debekua “Gobernuaren ardura” dela adierazi du mankomunitateak

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 28a, 13:18
Manuel Romero (Arangurengo alkatea), Maite Esporrin (PSN), David Campion (Mankomunitateko presidentea), Aritz Ayesa (EH Bildu) eta Patxi Leuza (Geroa Bai), gaurko agerraldian.

Larriena “20 urteko atzerapena duela Iruñerriak hondakinen kudeaketan, oraindik hondakinak lurperatzen” ari delarik.

Hondakinak tratatzeko plantaren lanei epaileek ezarritako debekua “Gobernuaren ardura” dela adierazi du Mankomunitateak. Gaurko agerraldian Iruñerriko Mankomunitatearen Gobernua osatzen duten kideek deitoratu dute “"benetako arazoa tratatu gabeko hondakinak lurperatzen jarraitzea” dela eta Na+-i kritikatu diote inongo proposamenik ez ekartzea.

Independenteek, EH Bilduk, PSNk eta Geroa Baik osatzen duten Iruñerriko Mankomunitateko Gobernuko kideek agerraldia egin dute gaur hondakinen plantaren proiektua behin-behinean eteten duen sententzia baloratu eta Noain-Elortzibarren kokatuko den gune berriaren beharra azpimarratzeko.

Salatu dute zenbait hedabide eta bazter politikotatik igorritako informazioek “zehaztasunetik urrun sua pizteko intentzioa” dutela.

Aurretik aipatu bezala zehaztu dute Nafarroako Gobernuak eginiko tramite batengatik utzi duela Nafarroako Justizia Auzitegiak Imarkoaingo Garraioaren Hirian egingo den Hondakinak Tratamendurako Plantaren proiektua eta beraz Mankomunitateak ez duela ardura juridiko zein ekonomikorik horretan.

Epaileen etena dela eta 2022an hastekoak ziren obra lanak behintzat sei hilabetez atzeratuko direla ziurtatu dute gaurkoan eta azpimarratu, gai larriena “20 urteko atzerapena duela Iruñerriak hondakinen kudeaketan, oraindik ere tratatu eta sarri bereizi gabeko hondakinak lurperatzen”.

Arangurengo bailarako alkateak, Manuel Romerok, gogorarazi du gainera hainbat erakundetatik etorritako aginduek “Gongorako zabortegiaren erabilera baimentzen dutela baina ez hondakinak lurperatzea”. Gaineratu du egun baimena dagoela herritarrek sortzen duten errefuxaren %30 lurperatzeko, baina datozen urteetan hori %10era mugatuko dela eta beraz beharrezkoa dela alternatiba bilatzea.

Gaiari buruz ere gaurkoa mintzatu da Jose Mari Aierdi presidenteordea eta Mankomunitateko bozeramaileek esandakoaren bidetik esan du epaiak ez duela “zalantzan jartzen hondakinen planta hori Garraioaren Hirian instalatzearen egokitasuna, ezta instalazio hori PSISen sartzea ere".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!