Abendua eta urtarrila hasierako ibaietako ur-emarien gorakadak hainbat hondakin (plastikoak, baratzetako lan-tresnak...) garraiatu zituzten ibai-bazterretara eta behin emariek behera egin dutela garbiketa auzolan berria egiteko deia luzatu du Alianza por el Clima elkarteak.
Uraren gorakadak ere “kalte handiak” eragin zituen hainbat gunetan, tartean Iruñerriko Ibai Parkean eta Iruñerriko Mankomunitatetik jakinarazi dutenez “garbiketa-lanetan ari dira” beharginak, besteak beste kaleko “altzariak berriro jartzen, eta luizien eta materialak herrestan eramatearen ondoriozko obra txikiak egiten”.
Erakunde publikoak bat egin du asteburu honetarako Alianza por el Clima-k eginiko deialdiarekin eta bertan lagunduko dute Mankomunitateko kideek. Gainera dei egin diete herritarrei parte har dezaten.
Abenduko uholdeen ostean, asteburu horretan bertan, garbiketa auzolanak antolatu zituzten besteak beste Atarrabia, Burlata eta Arrotxapeako bizilagunek. Asteburu honetan ere hainbat gunetan deitu dituzte boluntarioak eta garbiketa taldeak goizeko hamarretan abiatuko dira igandean Iruñerriko zenbait kokalekutatik: Landaben, Sanduzelai, Arrotxapea, Burlata, Atarrabia eta Uharte. Informazio gehiago lortzeko, Clima taldearen webgunea-a bisitatu.
Otsaila eta martxoan, gehiago
Honekin batera, igandeko hitzorduaz gain, Iruñerriko Mankomunitateak auzolan berriak deitu ditu. Bi izango dira, otsailean eta martxoan egingo dituztenak:
- Otsailaren 26an (Arga Garaia eta Ultzama): Ezkabarte, Atarrabia, Burlata, Uharte, Eguesibar eta Esteribar.
- Martxoaren 5ean (Arga Beherea eta Elortz): Zizur Nagusia, Barañain, Oltza Zendea, Ziritza, Etxarri eta Bidaurreta.