Antsoainen bikotekideari fisikoki eta sexualki eraso zion gizona espetxeratu dute

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 19a, 17:11

Gertakaria salatzeko, arratsaldeko 19.00etan elkarretaratzea deitu dute Antsoaingo Udaletxe plazan. 

Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Iruñeko Epaitegiko titularrak Antsoaingo gizonezko bat behin-behinean espetxeratzea erabaki du asteazken honetan, bere bikotekideari fisikoki eta sexualki erasotzeagatik. Astelehenean atxilotu zuten erasotzailea eta fidantzarik gabe eta komunikatuta espetxeratu dute.

Epaitegitik jakinarazi dutenez emakumeak atxilotuari harremana amaitzeko asmoa zuela jakinarazi ondoren "bortizki jipoitu zuen". Magistratuak sexu-erasoen ustezko delitu bat, ohikoa ez den tratu txarren lau delitu eta ohiko tratu txarren delitu bat egotzi dizkio O.A.M.-i.

Espetxeratze-autoan, epaileak adierazi du kasu honetan "froga gisa ikusten dugula polizia-egoitzan agertu zenetik jarraikakoa izan den biktimaren deklarazioa, gertatutakoari buruzko xehetasun guztiak eskainiz eta egoitza judizialean" berresten dena. Horrez gain, poliziaren esku-hartzea "gertaeren ondoren gertatu zen, eta atestatuan hainbat zantzu jaso zituzten, kaltedunak 2022ko urtarrilaren 16an jasandako jipoi bortitzaren errealitateari buruz" baita erasotzailearen ibilgailuan izan zen "sexu-erasoari buruz ere". Hor bertan harrapatu zuten "lo" gizonezkoa.

Ildo horretan, epaileak nabarmendu ditu "biktimak salatutako gertaerak egiaztatzen dituzten frogak, eta horrek ekarri zuen jarduketetan jasota dagoen eta polizia-egoitzan deklaratu duen lekukoaren esku-hartzea". Hari esker, kaltetuak laguntza eskatu ahal izan zuen.

Espetxeratzea agintzeaz gain, biktimarengana "500 metro baino gutxiago hurbiltzeko debekua" eta emakumearekin "telematikoki zein bestelako bideetatik kontaktatzen saiatzeko debekua" ezarri dizkio. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!