Entzutekoak

Gizalabak: Helen Adams Keller, oztopo guztiak gainditu zituen gor-itsua

Euskalerria Irratia 2022ko urt. 18a, 19:22

19 hilabeterekin gor eta itsu gelditu zen emakume honen eta isolamendutik ateratzen lortu zuen Ana Sillivan bere maistraren kontakizuna ekarri digu Bakarne Atxukarrok "Gizalabak" saileko atal honetan. 

Lehengoan etorri zitzaidan semea eta institutuan oso emakume interesgarri baten historia kontatu ziotela komentatu zidan. Ama, irratira eraman behar duzu. Bere izena HellenKeller zen. Askok ez dute jakingo nor izan zen, baina pelikula bat aipatzen badut, “Ana Sullivanen miraria”, seguru batek baino gehiagok buruan izango duela emakume hori, pelikula horretan haren biografia kontatzen baita.

Beraz, gure gaurko gizalaba 1880an jaio zen Alabaman. Idazle, aktibista eta hizlaria izan zen. Eta gorra eta itsua ere bai.

Bai, bai, halaxe da. 19 hilabete zituela,sukar baten ondorioz, gor eta itsu geratu zen. Horren eraginez, komunikatzeko gaitasuna galdu zuen erabat, aipatutako Anne Sullivan ezagutu arte.

7 urte zituela, gurasoek ez zekiten zer egin. Alaba jasanezina zen. Oso agresiboa, diziplina gabekoa, ezkorra… Eta haiek ez zekiten nola moldatu, ezta nola irakatsi ere. Graham Bell logopedarengana joan ziren, bai, telefonoa asmatu zuena, bai. Asmatzailea eta zientifikoa izateaz gain, logopeda ere baitzen. Hark Itsuentzako Perkins Institutura bidali zituen, eta han ikasle ohi bat gomendatu zien: Anne Sullivan.

Hasieran, oso pazientzia handia izan behar izan zuen irakasle berriak, neskatoak ez zuelako ulertzen  irakasten saiatzen ari zitzaiona eta haserretzen zitzaiolako. Baina poliki- poliki lortu zuen haren arreta bereganatzea, batez ere konturatu zenean ukitzen ari zen ura eta Anne  eskuan idazten ari zitzaion hitza gauza bera zela. Oroimenean zuen,bai txikitako irudia, bai txikitan ikasi zuen hitza, eta biak erlazionatuak zeudela ohartu zen.

Handik aurrera Helenen aldaketa izugarria izan zen: komunikatzeko gaitasuna landu zuen Anneren laguntzarekin. Erabili zuten metodoa sinplea eta oso eraginkorra zen. Neskatoak gauza bat ukitu behar zuen, eta, gero, Annek letraz letra markatzen zion eskuanHeleniukitu zuenaren izena.

Behin hori lortuta, irakurtzeko eta idazteko gauza ere izatera iritsi zen. Lehenik eta behin, hatz puntekin alfabetoa ikasiz, eta, geroago, Braille sistemarekin idazteko makinetan idatziz.

 

Eta hurrengo pausoa hitz egiten irakastea eta ikastea izan zen. Helen, bere hatzak Anneren ezpainetan jarriaz eta eztarriko bibrazioak sentituz, soinuak imitatzen hasi zen.

Annek Heleni komunikatzeko gaitasuna eta askatasuna eman zion; beraz,Helenen bizitzari izugarrizko bira eman zion. Horregatik, ez da harritzekoa Anne Sullivan irakasle pertsonala  ezezik, haren laguna ere izatea,Helenen bizitza osoan zehar. Elkarrekin egon ziren Anne hil arte. Eta heriotzan ere elkartu ziren, bien errautsak  elkarren ondoan utzi zituztelako.

Helen Cambridgeko unibertsitatera joan zen 1896an. Bertako bizitza oso zaila  gertatu zitzaien, bai Anneri, baita Heleni ere, baina  nola edo  hala moldatu ziren. Unibertsitatean zeuden bitartean,Helen bere bizitzari buruz idazten hasi zen, Braille bidez , eta 1903an The Story of My Life liburua argitaratu zuen. Nahiz eta hasieran arrakastarik ez izan, geroago obra klasikoa bilakatu zen. Horixe bera da lehen aipatu dugun “Anne Sullyvaren Miraria”ren pelikularen oinarria.

1904ko ekainaren 28an,Helen unibertsitatean graduatu zen. Urte berean,San Luisekoerakustaldi batean jende aurrean lehen aldiz hitz egin zuen. Helen eta Anne hurrengo urteetan hitzaldiak ematen ibili ziren, hara eta hona, haien esperientziak eta bizitzak kontatzeko. Helenek bere bizitza kontatzen zuen bitartean, Annek esandako esaldi bakoitza interpretatzen zuen, jendearengana argi eta garbi iristeko. Helenek eta Annek haien bizitza hitzaldietan eta liburuen salmentetan oinarritu zuten.

1915ean, 35 urte zituela, Helenek Keller International izeneko fundazioa sortu zuen, munduko itsuen alde lan egiteko. Bertan ez zen diru bilketaz soilik arduratzen, itsuen  bizimodua hobetzeko kanpainak ere egiten zituen,garai hartan gizarteak baztertuak baitzituen nonahi, inongo eskubiderik gabe. Bere etengabeko kemena oinarrizkoa izan zen  itsuen egoera aldatzeko.

Aktibista moduan eskubide zibil eta politiken alde ere lan egin zuen haren bizitzan. 1920.urtean American Civil Liberties Union izeneko erakundea sortzen lagundu zuen. Erakunde horrek, Ameriketako Estatu Batuetako legeak eta Konstituzioak pertsona bakoitzaren eskubideak defendatzen eta zaintzen zirela ziurtatzea zuen helburu.

Haren bizitzan zehar pertsona ospetsu batzuen laguna izan zen, hala nola Alexander Graham Bellena (lehen esan dugun bezala), Charles Chaplinena eta garaiko politikari eta idazle famatuenetako batzuena.

Helenek guztira hamabi liburu argitaratu eta hainbat artikulu idatzi zituen. 1964.urtean Lyndon Johnsonek emandako sari gorena jaso zuen. Urte bat geroago “Hall of Fame”-ko emakume nagusia hautatu zuten,New Yorkeko Nazioarteko Azokan.

Helenek 1961ean izan zuen lehenengoz odol-kolpe bat  garunean, eta ondoren gehiago izan zituen. Horren ondorioz, bizitza publikoa alde batera uzten joan zen. 7 urte geroago, 87 urte zituela, lotan zegoelarik hil egin zen, bihotzekoak emanda. Errautsak Anne Sullivan zegoen lekutik gertu utzi zituzten, WashingtonD.C.ko Katedral Nazionalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!