Antsoaingo emakume batek atzo eraso matxista jasan zuela salatu du Antsoaingo Udalak eta gertakaria eta "indarkeria matxista oro" salatu ditu. Foruzaingoak, Antsoaingo Udaltzaingoaren laguntzarekin, gizon bat atxilotu du igandetik astelehenerako gauean, Antsoaingo bere etxean, ustez bikotekideari fisikoki eta sexualki erasotzeagatik.
Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, biktima Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman behar izan zuten, eta atxilotua epailearen esku utziko dute gaur.
Ohar bidez, Antsoaingo Udalak astelehenean "herriko emakume batek" erasoa jaso zuela salatu du eta "emakumeen aurkako indarkeria giza eskubideen urraketa" dela adierazi. Adierazpen instituzionalean gaineratu dute indarkeria matxista "Gizonak emakumeen gainetik jartzen dituzten botere-harremanetan" oinarritzen dela.
Gauzak horrela "elkartasuna eta babesa" helarazi diote biktimari eta "kalea, gaua eta eguna, pertsona guztion gozamenerako" gune dirlea berretsi dute. Hori dela eta "gure gizartean gertatzen den edozein motatako eraso, indarkeria edo jarrera sexistaren aurkako gaitzespena" berretsi dute.
Gainera, gaur arratsaldeko 19.00etan Udaletxe plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Antsoaingo gazte mugimenduak ere bat egin du protestarekin.