Urte berri on!
Ondo pasatu dituzu oporrak? Gustura? Eta zer moduz portatu dira Olentzero eta Errege Magoak?
Gure etxean bikain. Oso urte berezia izan da, attari oso opari bitxia egin diogu eta: liburu bat. Baina ez edozein liburu, ez. Liburu bat harentzat propio idatzita. Bertan, Hondarribiko euskalki portuarra islatzen da. Bi protagonista daude: Jostonio eta Fanito, eta haien artean sortzen den elkarrizketa irakurri ahal da. Orrialdeko beheko aldean esamolde berezi batzuk edo hitz batzuk batuaz nola esango liratekeen jarrita dago, eta, azkenik, solasaldia grabatua dago eta QR baten bidez posible da entzutea.
Pozik geratu ginen opari horrekin, batez ere atta nola gozatzen ari zen ikustean.
Eta, orduan, liburuak zein inportanteak diren eta zenbat gauza ematen dizkiguten gogoratu nintzen, eta Alemaniako emakume baten izena etorri zitzaidan burura: Marga Schoeller.
Paper enpresa baten jabearen alaba zen, eta 1929an Berlingo antzokiak, zinemak eta kabaretak zeuden karrikan zabaldu zuen haren liburu(-)denda, bere izena jarri ziona. Garai hartan ez zen batere ohikoa emakume batek haren denda edo negozioa izatea, baina Marga harro zegoen lortu zuenarekin, eta, horregatik, haren izena dendaren goiko parteko errotuluan agertzea erabaki zuen, jendeak zalantzarik ez izateko zein zen hango andre ta jabe.
Berehala erreferente bat bihurtu zen liburudenda hura, ingelesez idatzitako liburuak saltzen zituelako. Baina ez liburu arruntak. Hangoak Nazismoaren kontrako liburuak ziren. Horren ondorioz, nazionalsozialismoak ez zuen ondo ikusten, Berlingo nazi korrontearen kontrako intelektualek begikoa zuten bitartean.
Hori ikusita, naziak urduritzen hasi ziren, eta mehatxuei ekin zieten: erakusleihoak harrika hautsi, margoketak, etab. Baina Margak gogor eutsi zion, eta aurrera jo zuen, demokrata amorratua baitzen eta inork ezin ziola esan zer egin behar zuen bere dendan uste baitzuen.
Erasoen aurrean lehendabiziko pausoa eman zuen, eta naziek egokitzat hartzen zituzten liburuak ez saltzea erabaki zuen.
Ondorioak ekarri zizkion erabaki hark, nola ez, bada: kristal gehiago hautsiak, margoketa gehiago, mehatxuak, galarazpenak… Egoera hura jasanezin bihurtuzen.
Margak, orduan, Hemingway, Conrad eta hainbat idazleren liburuak kendu zituen liburudendako apalategietatik, eta haien ordez, zaldi argazkiak jarri zituen. Horiek politika kutsurik ez zeukaten, atseginak ziren, eta ondo saltzen ziren.
Naziak harro-harro paseatzen ziren Margaren dendaren parean. Emakumearen sena baretu lortu zutelakoan zeuden.
Baina beraiek ez zekitena zen desagertutako liburuak dendaren sotoan zeudela, eta bezero bereziak haientzat egindako sarreratik sartzen zirela arazorik gabe, debekatuta zeuden liburuak irakurtzeko, erosteko edo kontsultatzeko lasai ederrean.
Ezkutatutako liburudenda horren berri naziek inoiz ez zuten izan. Horri esker, nazismo eta gerra garaian, politikariak pentsaera bakar bat inposatu nahian zebiltzan bitartean, Berlin hirigunean mundua ezagutzeko beste ikuspuntu baten aukerak piztuta zirauen, denda baten sotoan.
Gerra amaitu ondoren, agintari britaniarrek Margak egindako lana aitortu zuten, eta, horren eraginez, Berlinen lizentzia zuen liburudenda bakarra bihurtu zen harena. Era berean, debekatuak izan ziren egile batzuek Margak egin zuen erresistentziaren balioa ikusi zuten, eta bai denda,bai jabea, bisitatzen hasi ziren, errespetua erakutsi nahian. Handik pasatu ziren Henry Miller, Herman Hesse eta Aldous Huxley, besteak beste.
Gaur egun, nahiz eta Marga ez egon eta bestelako kokapena izan, liburudendak zabalik jarraitzen du. Bere katalogoko titulu gehienak alemanez daude, baina ez du bere nortasuna, bere xarma galdu. Hori dela eta, Berlingo ingelesezko liburuen bilduma onenetako bat mantentzen du.