A-25

Indarkeria matxistaren aurkako Iruñerriko deialdiak

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 25a, 10:49

Eskuin ezker, Maria Txibite Nafarroako presidenteak, Unai Uhalde parlamentuko burua eta Javier Remirez gobernuko lehendakariordea. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Indarkeria matxistaren aurka mugimendu feministako eragileak, sindikatuak eta ordezkari politikoak aterako dira kalera.

Azaroak 25 egun ditu gaur, eta indarkeria matxistaren aurkako aldarriak hartuko ditu Iruñerriak. 

"Amorruz oihukatu” nahi du mugimendu feministak. Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataforman bildutako eragileek emakumeek pairatzen duten indarkeria guztiak ikusarazi nahi dituzte. Aske izateko, indarkeriarik gabeko bizitza orain! lelopean eginen dute protesta. Baluarte plazan izanen da, 20:00etan.

Arratsaldean ere, Iruñerriko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak 19:00etan eginen du protesta, Udaletxe plazatik. "Egungo testuinguru konkretuan beharrezkoa deritzogu kapitalismoaren garapenak emakumearen sexualizazio eta kosifikaziorako sortutako forma berritzaileak aztertzea eta horrek ideologia matxistaren normalizazioan zein erasoen tendentzia gorakorrean izaten ari den ondorioak seinalatzea", adierazi dute. Gizarte kapitalista gainditu eta zapalkuntzekin amaitzeko borondatea duen sozialismoaren eraikuntza ikusten dute aukera bakartzat.

Euskal Herriko koordinakunde feminista abolizionistak, berriz, 19:45ean bilduko dira. Geltokitik irtengo dira manifestariak.  

Sindikatuak ere mobilizatuko dira. UGTk eta CCOOk euren egoitzetan eginen dute goizean, ELAk eta LABek, Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak deitutakoarekin bat egin dute.

Instituzioen aldetik, Nafarroako Gobernuak antolatuta, kontzentrazio isila egingo da, 11:00etan, Nafarroako Berdintasun Insitutuaren egoitzaren aurrean, Iruñeko Sarasate pasealekuan. Emakumeen aurkako indarkeria guztien “gaitzespen irmoa” egin du Nafarroako Gobernuak, adierazpen baten bitartez. Nafarroako Parlamentuko kideekin batera eginen dute protesta hori. Iruñeko Udalak, aldiz, Udaletxeko Plazan eginen du elkarretaratzea, eguerdian.

Bidali zure deialdia: info@euskalerriairratia.eus

Emakumeentzako arretarako zenbakia: 016

24 ordutan, erabilgarri. Ez du fakturan arrastorik uzten.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!