Zizur Nagusiko udalak, Geroa Bai, PSN eta UPNren bozken babesarekin, 65 zaintza kamera ezarri nahi ditu herriko beste hainbat puntutan. Horretarako, segurtasun arrazoiak jarri dituzte mahai gainean, udan izandako liskar batzuk edo ta emakumeendako arriskutsuak diren puntu beltz zenbait. Bizi Zizur herri plataforman elkartu diren bizilagun, eragile eta herriko talde kulturalek ez dute babesten segurtasun ezaren inguruko adierazpen hori. "Ez dugu beldurraren diskurtsoan sinesten" azaldu du Euskalerria Irratian Ana Gurpegi taldeko bozeramaleak, "Uda honetan izandako gertaera puntualak alarma soziala sortzeko eta kontrol sozialeko sistema bat ezartzeko erabiltzen ari dira. Gure ustez, gizartea eraikitzeko oinarria elkarrekiko konfiantza, elkartasuna eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza-oinarri komunak definitzea izan behar da". Emakumeen puntu beltzei dagokionez, plataformak salatu du, zaintza kameren proiektua aurrera ateratzeko ez dela herriko talde feministarekin adostu. "Zaintza kamerek ez dute puntu beltzen arazoa konponduko" adierazi du Gurpegik, "Bestelako neurri kolektibo eta sozialak behar dira".
Bizi Zizur Plataformak, prozesu guztiaren gaineko gardentasun falta salatu du, "Zizurko herritarrok ez dakigu zer dagoen proiektu horren atzean eta horrek asko kezkatzen gaitu. Non ezarriko dira bideo-zaintzako 65 kamera horiek? Zer kamera mota dira?" galdetzen dute. Horregatik, informazio prozesu zabala eta herri galdeketa eskatuko dute gaur arratsaldeko udal bilkuran.