Atzo Santa Zezilia eguna izan zen, musikarien eguna, eta oso musikazalea naizenez, gizalaba musikari bat ekarri dut gaur.
Ea nor den? Pista bat emango dizut, duela oso gutxi haren biografiari buruzko pelikula bat estreinatu zuten. Haren izena, Aretha Louise Franklin zen, eta haren izengoitia, Soularen Erregina. Beraz, gaur, Aretha Franklin hartuko dugu hizpide.
Memphisen jaio zen 1942an; bistan dagoenez, datorren urtean 80 urte bete behar zituen. Baina, tamalez, ez da hori gertatuko, duela 3 urte hil zelako, pankreako minbizi batek jota.
Apaiz baptista zeukan aita. Horrek eragin handia izan zuen haren abeslari karreran, aitaren elizako abesbatzan abestu zuelako txikitatik, eta han entzundako eta kantatutako gospelak isla handia izan zuelako gero egin behar zuen musikan. Horrez gain, garaiko gospel interprete handienak familiaren lagunak ziren, eta Aretharen etxean egoten ziren maiz, aitak antolatutako festetan eta emanaldietan. Musika, beraz, neskaren bizitzan oso presentzia handia izan zuen txikitatik.
Dena den, haurtzaroa ez zuela oso erosoa izan esan beharra dago.10 urte zituela, ama hil zitzaion. 12 urterekin lehendabiziko semea izan zuen eta 14 urterekin, bigarrena. Hirugarrena eta laugarrena heldutasun adinean iritsiko ziren.
Bigarren hori izan zuenean, hau da, hamalau urte zituela, grabatu zuen bere lehenengo diskoa, aitaren meza batean. Eta 18 urterekin, bakarkako karrera hasi zuen Columbia konpainiaren eskutik. Soul eta blues estiloetan murgildu zen hasieratik. Kanta famatu batzuen bertsioak egin zituen hastapen horretan, eta batzuk oso arrakastatsuak izatera iritsi ziren, baina beste batzuek lortutako arrakasta oso apala izan zen.
24 urte zituela, ordea, Atlantik konpainiarentzat hasi zen lanean, eta urtebete geroago, arrakasta beteko lehenengo singlea argitaratu zuen. Estatu Batuetako zerrendetan aurreneko lekua lortu zuen, eta horrekin batera beste lorpen batzuk heldu ziren: feminismoaren ikono bihurtu zen hark kantatzen zuen abesti bat; Time aldizkariaren azalean agertu zen lehen emakume afroamerikarra izan zen, etab.
Lau urtean hainbat album grabatu zituen pop musikan eta blues-en oinarrituta, betiere, eta haren izena gero eta ezagunagoa zen.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan arrakasta handitzen joan zen, eta hurrengo hamarkadan, 80koan, hain zuzen, haren ospea Estatu Batuetatik kanporaino iritsi zen.
Orduan, Arista konpainiarentzat hasi zen lanean, eta urrezko diskoa lortu zuen.
1987an, gospel abestien album bikoitza grabatu zuen bere aitaren elizan, sari asko irabazi zuena, Grammy saria, besteak beste. Grammy sari hura ez zen bizitzan lortu zuen bakarra, 18 eskuratu baitzituen osotara. Adibidez, 1998an urteko Grammy saria eskuratu zuen, Luciano Pavarottirekin abestu zuen "Nessum dorma" operari esker.
Horren ostean, beste artista batzuekin batera beste lan batzuk egin zituen noizbehinka: Annie Lennoxekin, George Michaelekin, etab.
2008. urtean Rolling Stone aldizkariak historiako abeslaririk onena izendatu zuen.
Eta 56 urtez abesten aritu eta gero, eta 25 milioi disko salduta, 2017an Arethak erretiratzeko asmoa adierazi zuen. New Yorken egin zuen bere azken agerpena jendaurrean, Elton Johnek antolatutako hiesaren aurkako ekitaldi batean.
Hutsune handi utzi zuen agertokitan baina utzitako ondarea ere itzela izan zen. Haren abeslari karrerak iraun zuen denboran, emakumeen askapena lortzeko lan egiten zutenentzat erreferente bat bihurtu zen, bai arrazakeriaren aurkako aritzen zirenentzat, baita afroamerikarren eskubideak aldarrikatzen zituztenentzat ere. Azkenik, eskubide zibilen aldeko konpromisoa erakusten zuten artisten multzoko aipagarrienetako bat bilakatu zen (kontuan hartu behar da txikitan Martin Luther King laguna izan zuela).
Horrez gain, Rock and Roll Hall of Fame museoan sartu zuten lehen emakume abeslaria izan zen.
Azkenik, 2019an, hil ondoren, Aipamen Bereziko Pulitzer saria jaso zuen, berrogeita hamar urte baino gehiagoan musika eta kultura estatubatuarrari egindako ekarpenagatik.
Eta lehen esan dugun bezala, 2018ko abuztuaren 16an, Detroiteko bere etxean pankreako minbiziaren ondorioz hil zen.