Greba eskubidea urratzeagatik salaketa jarri dute Cirmautoko langileek zuzendaritzaren kontra

Euskalerria Irratia 2021ko aza. 10a, 14:18

Ostegunetik greban dira enpresak saltokia ixteko dituen asmoen kontra, asteburutik honat zuzendaritzak itxiera patronala agindu du protestaren gainetik eginez. Nafarroako Gobernuari eskatu diote jarrera hau ez onartu eta lanpostuak defenda ditzala.

2019. urterarte etekinak zituen enpresa zen Cirmauto. Azken hiru urtetan 8 milioi euroko diru irabaziak aitortu zituen. Horregatik langileek ez dute ulertzen zergatik zuzendaritzak enpresa ixteko asmoa azaldu duen, 30 langile kale gorrian utziz. “Cirmauto bideragarria da eta enpresak etorkizuna du” azaldu du ELA sindikatuko Sonia Ontoriak, “Nafarroako Gobernuak ezin du onartu itxiera expedientea eta lanpostuak defendatu behar ditu”. ELA sindikatuaren ustetan, Cirmautoko jabeek espekulazioa egin nahi dute lantokiarekin, “Saltokia itxi, langileak kaleratu eta lantokia saldu nahi du Cirmautok” salatu du Ontoriak, “Badakigu non dagoen kokatua enpresa, badakigu oso toki erakargarria dela eta zuzendaritzak bere salmentarekin jubilazio erosoa bermatuko du horrela”. Itxierarendako argudiorik ez dagoela ikusita, Nafarroako Gobernuari expedientea atzera botatzea eskatu diote.

Horregatik, greban dira pasa den ostegunetik Cirmautoko langileak. Enpresak, beren protesta estaltzeko, itxiera patronala agindu du. “Greba eskubidearen kontrako neurria izan da” salatu du ELA sindikatuko Carlos Sarasak, “Ez dago argudiatuta horrelako salbuezpenezko neurria hartzea eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu ez onartzea, aurrekari arriskutsua jar baitezake etorkizuneko langile protestetan”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!