Iruñean nekazaritzako zein abeltzaintzako ustiategiak mantentzen dituen auzo bakarra da Txantrea, eta ekoizle horietako batzuk bihar larunbatean haien produktuak eskainiko dituzte TXANTREAKO EKOIZLEEN II. AZOKAn. Ezkaba Plazan, izanen da hitzordua 10:00etatik 14:00etara, Txantreako Merkatari eta Ostalarien Elkarteak antolatuta.
Magdalenatik parte hartuko dute Goñi zaldi haragiaren ekoizleak eta Frutas Zabalzak. Elkarkide ere hantxe izanen da Aranzadiko barazkiekin. Txantrea Gaztandegiaren gaztak eramanen dituzte. Auzoko azken artzinak Izagan ditu ardiak eta bere semeek egindako gaztak dira salgai jarriko dituztenak. Ekoizle horiei, ustiategiak auzotik kanpo dituzten hainbat bizilagunen produktuak gehitu behar zaizkie: eztia (Lorez Lore), arrautza ekologikoak (Borda Bidalar), artisau-garagardoa (San Donato) eta gazta (Ekia). Haiekin batera hainbat artisau arituko dira haien eskulanak saltzen.
Eta ordu batean lorez lore etxeko erlezainek ezti erauzketa erakustaldia eginen dute.