Musikaz beteriko proposamenak badatoz asteburu honetarako. Sarai Robles, Erika Lagoma, Idoia Granizo eta Amaia Lasheras, Nafarroako lau emakumeak bertsotan arituko dira gaur arratsaldean, Karrikiri elkarteak antolatutako ‘Gure Aldetara’ ekimenaren barruan. Nafarroako bertsozale elkarteak kaleratu berri du ‘Gure Aldetara’ diskoa eta orain plazara salto egin dute izen beraren azpian. Zenbait ekimen antolatu dituzte, gaurko bertso saio musikatua nafarroako bertsolariekin esaterako.
Diskak Nafarroako emakume bertsolarien bertso-sortak eta ahotsak 14 kantetan biltzen ditu. Banaka zein taldean, ahots hutsez edota musikaz lagundurik, beti ere bertsotan oinarriturik. Lanak, Nafarroako emakume bertsolarien aniztasuna du muinean. Ezpeleta jauregiko patioan arratsaldeko 19:30 bertso musikatu hauetaz gozatzeko aukera izanen da. Sarrera doan da, edukiera bete arte.
Ziudadelan berriz, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa izanen da protagonista, gaur arratsaldeko 20:00etan. Oraingo honetan Cecilia Bercovich eta Santiago Blancok eginen dituzte orkestraren zuzendari lanak. Eta O-ko Andre Maria plazan ‘Redoxidables’ zirku- eta antzerki-ikuskizuna eginen da, Circonciencia-ren eskutik, ‘Iruña Ilunabarrean’ zikloaren barruan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.
Kolonbiar, Kubatar eta euskaldunak batu dira Iruñerria Saltsa musikarekin dantzan jartzeko. Goxuan Salsa taldea 14 kidek osatzen dute eta pandemia aurretik entsaiatzen hasi ziren, nahiz eta kantu propiorik ez izan. Hala ere, egoerak eraginda lehenengo kontzertua bertan behera geratu zen eta, oraingoan bai, sarrera guztiak saldu eta lehenengo kontzertua eskaini zuten. Proposamen berria dakarte, orkestra handi bat, nahasketaz beteta. Lan propioak sortzeko lanetan daude eta letra desberdinak probatzeko gogoz.
Medialuna parkean, arratsaldeko 20:00etan saltsa doinuak entzuteko aukera eskainiko du Goxuan Salsa taldea. Sarrerak doan izanen dira, beti ere edukiera bete arte.
Larunbatean, ikuskizunak eta kontzertua
Larunbatean berriz, musikak atseden pixka bat jasoko du eta arratsaldeko 8etatik aurrera Jito Alai pilotalekuan Carneros’ , ‘Sendero’ , ‘el Sombrerero Loco’ eta amaitzeko ‘ Horizon’ ikuskizunak taularatuko dira.
Gauak Ziudadelan zikloaren programazioan, Stay Homas Bartzelonako hirukotearen txanda izango da larunbatean gaueko 21:30etan.