Berriozarko kiroldegiko tabernaren kontratuan euskara eskakizuna baliogabetu du auzitegiak

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 22a, 12:06

Navarra Sumari arrazoia eman dio Nafarroako Administrazio auzitegiak. Taberna kudeatzeko kontratua "hizkuntzagatik diskriminatzailea" dela ebatzi du. Euskararen Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak erabakia gaitzetsi dute.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak bertan behera utzi du Berrikilan sozietate publikoaren administrazio-kontseiluak 2020ko ekainaren 11n hartutako erabakia, Berriozarko udal kiroldegiko tabernaren eta eremu osagarrien ustiapenaren kudeaketa kontratatzeko klausula ekonomiko-administratiboen agiria onartu zuena. Horren bitartez, euskararen eskakizuna bertan behera utzi du auzitegiak.

Zehazki, honako hau eskatzen duten bi preskripzio tekniko hauek baliogabetu ditu: "Esleipendunak ziurtatuko du jendaurreko zuzeneko arretako langileek euskaraz ahoz komunikatzeko gaitasuna dutela (B2)", eta "lokalean euskarazko hedabideak (telebista, irratiak, prentsa, musika) egotea bermatuko du". Navarra sumaren udal taldeak errekurtsoa jarri zuen horien aurka Berriozarko Udalean.

Euskarazko hizkuntza-gaitasunari buruzko preskripzioak eta baldintzak ordenamendu juridikoaren aurkakoak dira ebazpenaren arabera. "Izan ere, ez Europako araudiak, ez naziokoak, ez foru-araudiak ez dute aukera ematen imajinagarriak ez diren baldintzak ezartzeko arlo ekonomikoan edo berrikuntzarekin lotutakoak, ingurumenarekin, gizartearekin edo enpleguarekin lotutakoak", zehaztu du auzitegiak.

Kontratuaren esleipendunak lokalean euskarazko hedabideak egotea ziurtatzeari buruzko klausulari edo baldintzari dagokionez, honako hau uste du auzitegiak: "Eskakizun horrek ez badakar berekin gaztelaniazko komunikabide horiek lokalean egotea, kontratua gauzatzeko baldintza hori diskriminatzailea ere bada hizkuntzagatik".

Euskararen Kontseiluak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak auzitegiaren erabakia gaitzetsi dute, salatuz zerbitzuak jaso behar dituztenen eskubideak bermatzeko neurriak baliogabetzen ari dela "behin eta berriz" Nafarroako Administrazio Auzitegia.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!