Izadi motxiladun umea ez bilakatzearen aldeko adierazpena onartu du Burlatako Udalak

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 24a, 09:42
Izadi gurasoekin etxera plataformak ekarretaratzea egin zuen osoko bilkura bitartean, Burlatako udaletxearen aurrean.

Algortan ekainaren 4ean gertatu bezala, Izadi Lizarraga Gutierrezen eskubideak aldarrikatzeko adierazpen bat onartu zuten atzo Burlatan, EH Bildu, Burlata Aldatuz, Ahal Dugu eta Geroa Bai taldeek sinatuta eta PSNren babesarekin.

Izadi, Burlatako Maria Lizarraga eta Algortako Iñigo Gutierrez euskal presoen bi urteko alaba, kartzelan jaio eta bizi da. Orain bere gurasoekin batera Aranjuezeko kartzelan bizi da eta hiru urte betetzean, bere urtebetetze egunean, Izadi kalera irtengo da gurasoengandik 480km-tara urrunduz.

Hori dela eta, alderdi politikoek “adingabearen egoerarekin kezkatuta daudela adierazi nahi dute, gurasoekin egoteko eskubidea bermatzeko eta, ahal den neurrian, gurasoekin bizi ahal izateko eskatzen dute, bere familia-ingurunetik banandu gabe”.

Adierazpenean ere “espetxeetako Instituzioei adingabearen eskubideak hobekien zainduko dituzten neurriak har ditzatela, gurasoekin eta haien familia-ingurunearekin harremanetan egon ahal izateko, eta, hala, bere etxetik hurbilen dagoen espetxera eraman ahal izatea” eskatzen da.

Gainera, sinatzaileek konpromisoa hartu dute akordio hau bidaltzeko Auzitegi Nazionaleko Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiari eta espetxe-zaintzako epaitegiari, pertsona horiek beren jurisdikziopean eta tutoretzapean daudelako.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!