Atarrabiako Udalak “Km² 1eko memoriak” izeneko ikus-entzunezkoa estreinatuko du maiatzaren 27an

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 24a, 18:29

Koronabirusak ekarritako etxealdian bizitakoak jaso dira ikus-entzunezkoan eta maiatzaren 27an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, Atarrabiako kultur etxean estreinatuko da. 

Labrit Ondarearen bitartez, Covid-19ak ekarritako lehen hilabete gogor haietan bizitakoak jasotzea erabaki zuen Atarrabiako Udalak. Momentu historiko hau gure ondorengoei transmititzeko baliagarri izanen den ikus-entzunezko baten bitartez egin du.

Hamar pertsonen ahotik Atarrabiako kaleetan eta batez ere, etxeetan bizi izandakoak ezagutzeko aukera ematen du. Udal ordezkarientzat, mahai gainean zituzten proiektu gehienak alde batera utzita, herritarrak babestea eta informatzea bihurtu zen helburu. Eta horretarako, ezinbesteko bilakatu zen udal langileen eta udaltzainen lana.

Gizarte Zerbitzuetako langileek ere inoiz baino ordu gehiago eman zituzten lanean, koronabirusak herriko pertsona zaurgarrienak are eta zaurgarriago bihurtu baitzituen. Zenbait kasutan ordea, ezinezkoa izan zen birusari ateak ixtea eta familia askok euren senitartekoak galdu zituzten, behar bezala agurtzeko aukerarik gabe.

Ongi aski dakite hori apaizek. Herritarrengandik inoiz baino urrunago eta era berean inoiz baino gertuago egotea tokatu zitzaion Don Tomas Azparreni. Oraindik ere emozioak gainditu egiten du egun horietan herriko hilerrian bizitakoak gogora ekartzean. Elizako ateak itxi eta bera ere beharrezko zen kasuetan telefonoz aritu zen lanean. Lehendik ere argi zuen arren, birus honek agerian utzi omen du gizakion ahultasuna.

Atarrabian lehen lerroan zeudenak izan ziren gaixotzen lehenetarikoak. Mari Jose Echarri eta Antonio Urbiola dira horren adibide. Gizarte Zerbitzuetako arduradun postua uztekotan zen Mari Jose. Erretiroa hartzera zihoan Koronabirusa gurera iritsi zenean, baina egoera ikusita berak zuen esperientzia inoiz baino baliagarriago zela ohartu zen eta inoiz baino lan gehiago egin zuen. Tartean bera ere kutsatu eta etxean sartuta egon zen zenbait astez. Antonio Urbiola udaltzaina ere etxean egon zen lehen bi asteetan. Erizaina den berebikoteak eman zuen positibo eta ondorioz familia osoa etxean sartuta egon ziren. Lanera bueltatzerakoan ohartu zen zenbateraino aldatu zen udaltzainen zeregina herriko kaleetan.

Baina dena ez da tristura eta sufrimendua izan. Lan taldean aritzea inoiz baino garrantzitsuagoa dela nabarmentzen dute denek. Aurrez behar adina baloratzen ez genituen zenbait ofizio ikusgarriago egin dira, dendariena esaterako. Olóriz harategiko Felix Ilarrazek ongi gogoan ditu bere atetan osatzen ziren ilara luzeak eta etxera bueltan bizilagunen aldetik jasotzen zituen txaloak. Esker oneko txalo artean ixten zuen ere iluntzero botikako atea Ignacio Donezarrek. Berak ez du argi leiho eta balkoietatik zetozen txalo haiek berarentzat baino norbere buruari animoak emateko ez ote ziren.

Hala balitz ere aski merezitakoak omen. Atarrabiako herritarrentzat etxealdiaren ondorengo deseskalatze fasea ez zen beste askorentzat bezain erraza izan. Udalerritik ateratzeko debekuak, herriak duen kilometro karratu bakarrean preso eduki zituen. Baina neurriak malgutu ahala Atarrabiak bere-bereak dituen zenbait ohitura berreskuratu zituen, ostegunetako azoka esaterako. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!