Palestinar herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea eginen du bihar BDZ taldeak

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 20a, 16:04

Protesta 19:30ean izanen da, Gazteluko Plazan, 'Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak' nazioarteko kanpaina Iruñerrian garatzeko herri ekimenak deituta.

BDZ Iruñerriak elkarretaratzea eginen du bihar herri palestinarrarekiko elkartasunez. "Espainiako agintariei eskatzen diegu berehala jarduteko bai Israelgo apartheid erregimenaren aurka, bai lankidetzaren arloan ari den Juana Ruiz Sánchez espainiarra aske gera dadin", azaldu dute. 19:30ean izanen da, Iruñeko Gazteluko Plazan.

Azken egunetako gertaerek aurreko beste askok bezala, Israelgo demokraziaren mitoa erabat suntsitu eta haren apartheid-sistemaren errealitatea erakutsi dutela salatu dute. Zerrendatu dituzte adibideak: "Muturreko kolono armatuek mehatxatutako Sheikh Jarrahko komunitatea, leku sakratutzat jotzen den Al Aqsa meskitan erasotako zibilek, Gazan hegazkin sionistek bortizki hildako haurrak, Israelgo kaleetan palestinarrak lintxatzeko saiakerak…"

Jerusalemen, Zisjordanian, Gazan eta Israelgo Estatuan herri palestinarra altxatu da, muturreko indarkeriaz eta giza eskubideekiko mespretxu arrazistaz inposatutako apartheid sistema kriminalari amaiera emateko ahaleginetan. Israelgo giza eskubideen aldeko GKE handiena den B’tselem* elkarteak eta AEBetako giza eskubideen aldeko Human Rights Watch** GKE ezagunak egindako txosten zehatzek Israelgo apartheidaren errealitatea egiaztatu dute berriki.

Lankidetzaren arloan ari den Juani Sanchez espainiarrak Israelgo kartzela batean preso jarraitzen du, "arrazoirik gabe", BDZk salatu duenez. "Israelek gizarte zibil palestinarrarekin lan egiten duten erakundeak ahultzeko daraman estrategiaren beste biktima bat da". Hori dela eta, Estatu espainiarreko gobernuari eta PSOEri eskatu diete Juana Ruiz askatzeko lanean has daitezela berehala, eta zigorrak ezar ditzatela Israelgo Estatuaren aurka, herri palestinarrak justizia, berdintasuna eta askatasunerako duen eskubidea errespetatu arte. Gutxienez arma-salerosketaren debekua ezarri beharko lukeetela uste dute.

EAJri eta Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuari ere zuzendu zaizkie, eskatzeko "beharrezko neurriak har ditzatela CAFek nazioarteko zuzenbidea eta bere jokabide-kodea bete ditzan", Jerusalemgo legez kanpoko tranbiaren proiektutik erretiratuz. "Proiektu horren bidez, CAF zuzenean ari da parte hartzen Israelek Ekialdeko Jerusalem eskuratzeko eta hura etnikoki garbitzeko duen planean". 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!